2020-06-17 STEILASBERRI 10(1)

2020ko ekainaren 16ko Mahai Negoziatzailea

Atzoko Mahai Negoziatzailea hasiera batean presentziala izan behar bazen ere, bezperan enpresak bideo-dei baten bitartez egingo zela jakinarazi zigun. Ondorioz, bilera komunikazio oztopoek baldintzatu zuten, eta ez zen batere eraginkorra izan. Bileran jaso genuen informazioa horrela laburtu dezakegu:

Haurreskolak Partzuergoko arreta zuzeneko protokoloak bi atal ditu (prebentzio arloa eta arlo pedagogikoa). Haurreskola bakoitzak bere ezaugarrietara eta momentuko egoerara egokitu behar ditu (uztaileko egoera eta irailekoa oso desberdinak izango direlako). Aipatzekoa da planak egin duten langileen esfortzua, administrazioak hartutako erabaki kontrajarrien aurrean erlojuaren kontra egon baitira lanean. Gaur bertan plan hauek hezitzaileen eskuetan egotea espero dugu.

Plan hauek haurreskoletan lan egiteko modua aldatuko dute. Sortuko dituzten errealitate eta behar berriak Haurreskolak Partzuergoko Prebentzio Departamentuari eta sindikatuei komunikatzea eskatzen dizuegu, aldaketa horien eraginaz guztiok jabetu gaitezen.


Gauzak horrela, enpresak ez du zehaztu haurreskola bakoitzean zenbat haur eta hezitzaile egongo diren hurrengo astelehenetik aurrera, datuak jasotzen eta aztertzen ari baita oraindik. Arduradunek ez zuten baztertu hezitzaileak haurreskola batetik bestera mugitzea edota ordezkapenak gauzatzea beharra egongo balitz.


Bestalde, urteroko prozesuei buruz apenas erabaki zen ezer. Izan ere, honetarako enpresak matrikulazio datuak beharrezkoak direla dio. Adibidez, baliteke 2020ko lanpostuen zerrenda urrira arte ez osatzea, beraien esanetan, LALa (Lekualdatze lehiaketa) ikasturte honetan egiteko denborarik ez baitago. Era berean, esleipenak uztailean egitea baztertu dute dagoeneko, haurren izen ematearen behin-betiko zerrendak uztailaren 28ra arte ez direlako prest egongo. Ondorioz, abuztuan ez egitea eskatu genien, hezitzaileon opor hilabetea baita.

Hala ere, ikasturte hasierara begira, abuztu amaieran enpresak esleipen prozesua deitzea posible izan daiteke. Hau guztia zehazteko ekainaren 29an enpresarekin bilera izango dugu. Bilera horretara gaiak landuta eraman ahal izateko, behin eta berriz eskatu genien beharrezko dokumentazioa zehaztuta garaiz bidaltzeko, bilera emankorra izan dadin.


Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta Haurreskolak Partzuergoaren jokaera zikina salatu nahi dugu. Atzo goizean Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan egindako elkarretaratzearen ostean, itzulera protokoloa prentsara filtratu zuten eta guztiok ikusi ahal izan genuen EITB taldeko gaueko berrietan. Haurreskoletara behin-betiko plana bidali baino lehenago protokoloaren berri medioen bitartez izatea ez da momentu honetan Haurreskolak Partzuergoko langile eta familiek behar duguna.

Zoritxarrez, Haurreskolak Partzuergoko langile eta familiek azkenaldian jasan dugun mespretxua begibistakoa izan da. Errespetuz tratatzea exijitu beharrean gaude atzokoa eta gero.