Low cost plangintza 2020/21 ikasturterako

Departamentuak mahai sektorialeko sindikatuei aurkeztu die prebentzio eta antolaketa protokolo bat  2020/21 ikasturterako. Aldi berean prentsari ere erakutsi dio, negoziazio itxura egin nahian. Etsipengarria da plana, muzin egiten baitio Carlos Gimeno kontseilariaren hitzek piztutako itxaropenari.

Ikasturtea 1 izeneko egoerarekin has liteke: baliabide urriak baliatuko lirateke bakarrik musukoak, gel hidroalkoholdunak, manparak eta abar erosteko eta seinaleak paratzeko ikasleak bideratzeko asmoz. Ez da aurreikusi inbertsiorik bestelako irakasgunetan, ezta irakasle gehiagoren kontratazioan, ratioak jaisteko eta dentsitate handiko ikastetxeetan ikasleak pilatu ez daitezen. Hori bakarrik posible litzateke 3. egoeran eta ikastetxe guztiak itxi ondoren.

Mahairatu den beste kontzeptu bat streamingeko klaseak dira gelan “sartzen” ez diren ikasleentzat edo etxean gelditu behar dutenentzat, egoeraren arabera. Horrelakoetan irakasleek beren klaseen emanaldia edo grabazioa kontrolatu beharko lukete, aurrez aurreko klasea ematen ari den bitartean. Gainera, ez dakigu deus Departamentuaren plataforma telematiko publikoaz, aipatu grabazioak zein  ikasleri zuzentzen zaion, hari ailegatzen zaiola ziurtatzeko, ez beste inori. Datu erauzketaren negozioak bete-betean segituko luke.

Begi-bistan dago ez dela ahalegin zipitzik egin bestelako irakasguneak bilatzeko, ezta baliabide ekonomiko gehiago lortzeko ere, beste planteamendu ekonomiko eta fiskal batetik etor daitezkeenak. Eta horrek guztiak iragartzen du beste murrizketa jarduketa bat hezkuntza publikoan, UPNren azken agintaldian, PSNk lagundurik, gertatu zenaren adinakoa edo handiagoa. Gainera, murrizketa haien arduradun askok Departamentuaren organigraman goi-goian daude, murrizketa batzuek bere horretan jarraitzen duten bitartean. Horregatik, bere burua ezkerrekotzat jo eta itxuraz hezkuntza publikoa defendatzen duten partiduek birplanteatu behar lukete egungo gobernuari ematen dioten babesa.

Azkenik, low cost plangintza horri gehitzen zaizkio hezkuntza ituna ez betetzea eta alarma egoeran hasitako murrizketa berriak. Horregatik, hezkuntzako langileei erne egoteko esaten diegu, haien eskubideen alde eta hezkuntza publikoaren alde borrokatzeko.

Prentsa oharra Dptuaren irekiera plana. (pdfan)

Hezkuntzaren proposamen dokumentua (zirriborroa)