Hezkuntza sailari murrizketa politika alboratzea, hezkuntza indartzea eta langileen ordezkariekin interlokuzio erreala zein benetako negoziazioa bideratzea exijitzen diogu.

Hezkuntza Publikoan ordezkaritza dugun 5 sindikatuok LAB, STEILAS, ELA, CCOO eta UGT oso kezkatua gaude ikasturte bukaera honetan eta datorren ikasturtearen hasieran aurkitu dezakegun egoerarekin. Alde batetik, Hezkuntza saila langileen ordezkariekiko izaten ari den mesprezuzko jarrera onartezina da, aldebakarreko erabakiak dira nagusi, langileon ordezkariokin ez dago inolako interlokuziorik eta negoziazio kolektiborik ez da existitzen.

Bestetik, ikasturte honetan bizi izan dugun pandemia egoerak zerbitzu publiko sendo batzuk izatearen beharra eta garrantzia agerian utzi duen arren, ez dirudi hezkuntza sailak gure hezkuntza sistema indartzeko asmorik duenik. Kezka ikaragarriz ikusten ari gara azken egunotan datorren ikasturteari begira murrizketa gogorragoen aurrekari izan daitezkeen hainbat erabaki
murriztaileen aplikazioa.

Hezkuntzako langileen ordezkariak garenok, ekainaren hasieran Hezkuntza Sailari hurrengo ikasturterako negoziazio  orokorreko bilera bat egiteko deialdia luzatu genion, pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko plangintza orokor bat,  eszenatoki ezberdinetarako osasun eta segurtasun neurriak eta guzti horri aurre egiteko baliabide nahikoak. Haien erantzun  ezaren aurrean gure proposamen/galderak erregistratu genituen.

Hiru aste pasa dira eta oraindik ez dugu bilerarako datarik jaso. Hori bai, administrazio publikoari dagokionean, guk  erregistratu genituen kezken inguruko erantzun batzuk jaso ditugu, baina ez beraien eskutik, hauek, ikastetxeetako  zuzendaritzetatik, langileen eskutik edo beste bide batzuetatik iritsi zaizkigu, Berritzeguneetatik, IRALEetatik, … edo  prentsatik. Gainera, iritsi zaizkigun erantzun hauek ez dira guk nahi genituenak izan, baliabide ekonomikoak zein pertsonalak  handitu beharrean murrizketak egingo dituztela inposatzen baitute.

Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan taldeak eta lanpostu zerrendak (RPTak) osatzeko zirriborroak iazko berdinak dira,  azken hilabete hauetan ezer pasa izan ez balitz bezala. Hau gutxi balitz, HH eta LHko behin behineko lanpostu zerrendak  (RPTak) ikastetxeetara iristen hasi dira eta langile kopuruak gora egin beharrean murrizketak ezartzen ari direla ikusi dugu  jangela orduetan, eskola txikietan, espezialistetan, PTetan edota CRIetan. Pandemiaren eraginez, ikasleen behar pedagogiko  zein emozionalak inoiz baino larriagoak diren honetan, hezkuntza sailak egoera zuzentzeko baliabideak areagotu beharrean  murrizketak inposatu ditu IRALE ikastaroak ere bertan behera utzi nahi dituzte, horrek hezkuntzaren euskalduntze planetik eta ordezko langileen kontutik krisiaren faktura ordaintzeko. Hau da, hainbat irakasle eta hezitzaile hezkuntza laguntza  espezialista formazio gabe geratuko dira eta era berean ordezko askok ordezkapen aukerak galduko dituzte. Horrela,  pandemiaren une gogorrenetan hezkuntza sailaren aldebakarreko erabakiz ordezkapenak egin ezaren ondorioak areagotuz  ordezko langile hainbatentzat.

“Hamaika esku“ programaren inguruan, kezkagarria langileon ordezkariokin adostu gabe eta ikastetxe horietako hezkuntza  komunitatearen iritzia entzun gabe zerbitzu eginkizun hauek bertan behera uzteko agertu duen agindua.

Hezkuntza laguntza espezialistei dagokionez aipatzekoa da hasiera batean sindikatuokin landutako lehen prebisioa  aldebakarrez atzera bota dutela. Bestetik, sektore honetako errealitateari erreparatuta, NBEen erabilera egokia bermatzea zaila  izango dela aurreikusi dezakegu. Hori horrela, plantilak handitzea eta ikasleen ratioak jaistea ezinbestekoa da, baina hurrengo  ikasturteko aurreikuspenek ez diote gure eskaerari erantzuten. Hori gutxi balitz, Gipuzkoako ZIG geletan, aurreikusitako  Hezkuntza Laguntzako Espezialisten kopurua 28 izatetik, 18,5 izatera igaroko da, horrek lanpostuen %34ko galera  dakarrelarik.

Sukaldeko langileei dagokionez, lanpostu zerrendetan aurkitu ditugun murrizketek kolektibo honengan ondorioak izango ditu,  eta garbiketako langileei dagokionez, osasun krisiak agerian utzi duen arren langile hauen lanaren garrantzia, ez dirudi  Hezkuntza Sailak zerbitzu hau indartzeko asmorik duenik, noiz eta garbiketa zein desinfekzioan arreta jarri behar dugunean. Are gehiago, gaixotasuna zabalduta zegoen garaietan, garbiketako langileek ez dute desinfekzio eta garbiketarako inolako  formakuntzarik jaso, osasuna eta segurtasuna bermatzeko ezinbesteko baldintza izan behar zuenean.

Bestetik, Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoarekiko ez du inongo ardurarik hartzen, ez da urtarriletik egon diren mahai  negoziatzaileetara agertu ere egin, utzikeria erabatekoa izan da. Gainera, haurreskolen aurrez aurreko itzulerarako irizpide ekonomikoak baliatu ditu soilik, irailean planifikatuta zegoen  itzulera egun batetik bestera eta egokitzapen aldirik gabe aldebakarrez aurreratuz.

Horrengatik guztiagatik, Hezkuntza Sailari, osasun krisiak utzi digun irakasgaia kontuan izanik, zerbitzu publikoak orohar eta  hezkuntza publikoa bereziki indartzeko erabakien ildoa har dezala eta langileen ordezkariekin elkartuz interlokuzio erreala zein  benetako negoziazioa bideratzea exijitzen diogu.

Aldebakarreko erabaki murriztaileen bidetik jotzea eta jarraitzea erabakiz gero, erantzun sendo bat artikulatu beste biderik ez digu utziko Hezkuntza sailak.

NEGOZIAZIOA BAI, MURRIZKETARIK EZ!
2020ko ekainaren 22an