HEZKUNTZA SAILAK NORABIDE GABE JARRAITZEN DU.

Ikasturte berezi honi Plan egokirik gabe ekingo dio.

Aurrekaririk gabeko ikasturtea dugu ate joka eta erronka horrek guztion konpromiso sendoa eskatzen du. Sindikatuok behin eta berriro egin diogu Hezkuntza Sailari elkarlanerako eta adostasunak bilatzeko deia. Gaur, kurtso berria hasteko bi aste eskas geratzen direnean, STEILAS sindikatuak berriro ere dei hori luzatu nahi dio gobernuari.

Gure hezkuntza sistemak ez du inoiz horrelako egoera larririk bizi izan. COVID-19ak sortutako anabasari aurre egiteko ezinbestekoa da eskolak adostutako plangintzez eta negoziatutako baliabidez hornitzea.

Gobernuak uztailean argitaratutako dokumentua, “Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID-19ren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko”, abiapuntu interesgarria izan daitekeen arren, bertan jasotakoa betetzea ezinezkoa izango da ikastetxeetan langile gehiago ez badaude. Eskolan gauden pertsona guztion osasuna babestu eta hezkuntza eskubidea ahalik eta modu egokienean bermatzeko, egin beharreko hauek jasotzen dira, besteak beste:

Kontingentzia plana.

– Ordutegien memoria (sarrera- eta irteera-mailakatua egingo da, seinaleztapenaren banaketarekin eta zirkulazioko zirkuituekin, ahal dela ikastetxearen planoan).

– Ikastetxera sartzeko eta handik ateratzeko ordu-tarteak zabaltzea.

-Espazioaren sektorizazioa edo konpartimentazioa aztertzea gela txikiagoak sortzeko.

– Udal-espazio publikoak eskain ditzaketen toki-erakundeekin koordinatzea.

– Jantoki-espazioen ezaugarrien eta neurrien arabera antolatzea.

– Ikastetxeak gela bat eduki beharko du gaituta ikastetxean sintomak sor ditzaketen kasuak isolatu ahal izateko.

– Ikastetxeko espazioen banaketaren erregistro bat gordeko da, ahal dela ikastetxearen planoan, eskola-taldeak eta edukiera jakin batekin programatutako jarduerak banatzeko, nahasketak eta beharrezkoak ez diren pilaketak saihesteko.

– Osasunerako hezkuntzako jarduerak diseinatu eta ezarriko dira.

-0-3 zikloan gainera: Pixoihala aldatu ondoren, ikasleen arteko aldagailua desinfektatzea, erabilera komuneko gelak antolatzea proposatzen da…

Benetan uste al du Hezkuntza Sailak eskoletan osasuna babestu eta eskola presentzialak bermatzeko jasotako neurriak betetzeko egungo plantilla nahikoa dela? Hala balitz, ez luke ikasleen bertaratzea ez den beste eszenatokirik jasoko bere plangintzetan. Errealitatea da baliabiderik jarri ezean, protokoloa intentzioz eta proposamenez beteriko dokumentu bat besterik ez dela, bestela esanda, Eusko Jaurlaritzak ez duela benetako planik proposatzen hiru aste barru hasiko den ikasturteari ekiteko.

STEILASen ustez, bataz-beste, gutxienez, 5 langile gehiago beharko lirateke eskola bakoitzean, guztira 3.000 langile gutxienez. Horretaz gain, talde txikiagoak sortzeko aukera izateko, beste horrenbeste beharko lirateke. Beraz, gutxienez 6.000 langile gehiago beharko genituzke osasuna babestu eta hezkuntza eskubidea bermatu ahal izateko hezkuntza publikoan. Halaber, ikastetxeetan erizainak egotea ezinbestekoa deritzogu (balorazioak eta jarraipenak egiteko, kasuak detektatzeko, osasungintzarekin egoerak bideratzeko….). Horrek guztiak aurrekontuak handitzea eskatzen du plantillak handitzeko eta ikasleen ratioak gutxitu ahal izateko. Gu aspaldidanik ari gara, aurrekontuetan BPGaren %6a hezkuntza publikora bideratzea eskatzen.

COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean, hasieratik Hezkuntza Sailak ikastetxeen gain utzi du berarena izan behar den ardura guztia. Egoera honek langileen babes juridikoa eskatzen du, zuzendaritza taldeena bereziki. Horregatik, Hezkuntza Sailari ikastetxe publikoetako langileen babes juridikoa bermatuko duen dokumentu bat argitaratzeko eskatzen diogu. Horrez gain, langileen osasuna babesteko protokoloa ezinbestekoa da, COVID-19aren aurrean bereziki zaurgarriak izan daitezkeen horientzat.

Hezkuntza eskubidea bermatzeko modu bakarra eskola presentziala da, etapa guztietan eta salbuespenik gabe. Eskola presentziala baita aukera berdintasuna bermatzen duen bakarra. Agertoki ezberdinen egokitasuna eztabaidatzea baino, eskola presentzialak bermatzeko jarri beharreko baldintzen eta egin beharreko inbertsioen inguruan aritu beharko genuke.

Hezkuntzak funtsezko zerbitzua izan behar duelako, osasun-baldintzak bermatzeko eta konfinamendu-egoerara ez itzultzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak eman behar zaizkio

Bilbon 2020ko abuztuaren 17an