Joan den ikasturtean konfinamenduaren ondorioak jasan genituen, eta egun batetik bestera telehezkuntzara igaro behar izan genuen, askotan baliabiderik gabe eta modu guztiz inprobisatuan. Horrek ekarri zuen irakasleen lan-zama nabarmen handitzea, bai eta Googleren aplikazioak bereizi gabe eta bete-betean erabiltzea ere, Hezkuntza Departamentuak ez baitzuen bere plataforma telematikorik, ezta horretarako garatutako aplikaziorik ere.

Ikasturte honetan ez da planifikatu arreta nola eman neurri batean konfinatutako ikasgela bateko ikasle konfinatuei. Maiz arreta hori hezkuntza hibridoaren bidez ematen da (aurrez aurreko hezkuntza eta aldi bereko hezkuntza telematikoa), aipatu hezkuntzaren araudirik gabeko esparru batean, eta zuzendaritza askoren eta beste eragile batzuen babes itsuarekin.

Eskola bat ematea ez da bakarrik edukiak transmititzea; izan ere, etengabe egiaztatu behar da ikasleek ongi ulertzen duten eta material egokiaz baliatzen diren; ikusi behar dira haien erreakzioak, elkarrekin nolatan diharduten eta abar. Beraz, faktore horiek aurrez aurreko ikasleen eta telematikoen artean aldi berean kontrolatzeak lan-zama handitzea eta hezkuntza-kalitatearen murrizketa dakartza, eta datuen babesaren erregulazioa urratzen du.

Bestalde, Googlek etengabe gurutzatzen ditu ikasleek dituzten kontuetako datuak (gmail, YouTube eta beste batzuk) ikusten diren webguneekin eta g Suite aplikazioetatik lortutako datuekin, eta, beraz, informazio ugari pilatzen du ikasleei eta haien familiei buruz, beren publizitate negozioa eta hirugarrenei datuak saltzeko negozioa elikatzeko.

Egoera honetan, irakasleen etengabeko jardun nekaezina da Nafarroako hezkuntzaren salbagarria.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu:

– Teleirakaskuntzako irizpide argi eta bateratuak, egungo beharrei erantzuteko.

– Irakasle gehiago kontratatzea ikasle konfinatuei arreta emateko; izan ere, irakaskuntza hibridoak lan-karga astunagoa jartzen die Covid-19aren pandemiak sortutako egoeran inbertsiorik ezak eragindako baldintzengatik jadanik estresatuak dauden irakasleei.

– Hezkuntza Departamenduak bere plataforma telematikoa eta publikoa sortzea, software librean oinarrituta. Plataforma horiek badaude beste autonomia-erkidego batzuetan eta estatu garatuetan. Era berean, irakasleak prestatu beharko lirateke plataforma hori eta plataforma horretarako berariaz garatutako aplikazioak erabiltzeko.

– Teleirakaskuntza garatzeko azpiegitura teknologiko egokia ematea ikastetxe guztiei, software librea erabiltzen duten gailu elektronikoekin, Nafarroako zenbait ikastetxetan egiten ari diren bezala.

STEILAS, ELA eta UGT

Iruñea, 2020-11-17

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nota de prensa de los sindicatos STEILAS, ELA y UGT. __ STEILAS, ELA eta UGT sindikatuen prentsa oharra.