HAURRESKOLAK PARTZUERGOAREN DOAKOTASUNA:

FILOSOFIA VS. BORONDATEA

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburu berriak argi hitz egin zuen orain dela aste batzuk eskaini zuen elkarrizketa batean (Berria, 2020/11/06). Haurreskolak Partzuergoan ez da doakotasunik egongo, gehien duenak ordaindu egin behar duela azpimarratu baitzuen, hori baita dagoen “filosofia”. Beraien filosofia merkantilistari buruz hitz egiten ari zela esatea falta izan zitzaion. Hortaz, doakotasunari ateak itxi zizkion. STEILAS sindikatuan uste dugu jarrera beste bat izan behar dela, besteak beste, filosofia horrek ehunka familia kanpoan uzten baititu.

Ez omen dago doakotasunari buruz hitz egiteko arrazoirik, haren esanetan, sindikatuok soilik eskatu dugun zerbait baita. Sindikatuon eskaerari zilegitasuna kentzeaz gain, ez du egia esaten Bildarratz jaunak elkarrizketa horretan. Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunean aurrerapausoak ematea Eusko Legebiltzarrak eta Euskadiko Eskola Kontseiluak eskatu duten zerbait da. Save the Children erakundeak ere doakotasuna beharrezkotzat jotzen duen neurri bat da, jatorrizko desberdintasunekin bukatzea nahi duen jendarte bidezkoago baten bila. Eta, nola ez, familiek ere zerbitzu publiko bati exijitzen dioten baldintza bat da: doakoa izan dadila.

Beraz, sailburu jauna, ez dezagun eztabaida behar ez duen foku batera eraman. Hitz egin dezagun zerbitzu publikoen indartzeaz. Eta, bide horretan, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunak inplikatuta gauden guztion agendan behar du egon. Zurean eta zuzentzen duzun sailarenean ez egoteak arduratu egiten gaitu.

2018an 18.000 € baino gutxiago irabazten duten familiei doako zerbitzua eskaintzen zaienetik, aukera horretaz baliatzen diren familien kopurua poliki-poliki igo egin da (% 10etik gora izango dira gaur egun, gutxi gora behera). Doakotasuna beharrezkoa zen, orduan. Neurri hori indarrean sartu aurretik, halabeharrez, familia hauei ateak parez pare itxi egiten zitzaizkien. Gure haurreskoletan guztiok izan dugu kuota ordaindu ezinda alde egin behar izan duten familiak. Zerbitzu publikoa ordaindu ezin zutelako, sailburu jauna, kanporatuak.

Bestalde, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen dituen milaka plaza hutsik dauden bitartean (momentu honetan, %55a baino gehiago), zure sailak zentro pribatuei urtero ematen dizkien 27 milioi euroei buruz ere hitz egin beharko dugu. Zuen esanetan, hitzez hitz, “…laguntzen helburua da Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskola horiei eusteko gastuak arintzea, familiek egin beharreko ordainketak gutxitzeko asmoz”. Sare pribatuko plaza bakoitzaren %60a ari gara guztion artean ordaintzen. Ez dakigu zer egin, barre edo negar, hau irakurri eta gero.

Kasu honetan ez duzue aplikatzen “gehien duenak ordaindu dezala” filosofia. Aplikatzen duzuen filosofia da “aukeratu hezkuntza pribatua eta egon lasai, diru publikoarekin ordainduko dizugu eta”. Zuen politiken koherentzia falta eta hauen helburua agerian geratzen dira, bete-betean. Nahi duzuen diskurtsoaren atzean ezkutatu ditzakezue zuen helburuak, baina geroz eta nabariagoa da egiten ari zaretena.

Gainera, diru-laguntza publiko horiek jatorrizko desberdintasunekin bukatu beharrean, Save the Children erakundeak gomendatzen duen bezala, desberdintasun horiek sendotzea lortzen duzue. Ez al da hau izango zuen benetako “filosofia”?Segregaziorako lehen atea zabaltzen da euskal hezkuntza sisteman Haur Hezkuntzako lehen zikloan, ondorioz. Ez gara esaten aspertuko, sailburu jauna, zuzentzen duzun sailak maila horretako neurriak mantendu eta babesten jarraitzen duen bitartean, euskal hezkuntza sistemak klasismoan oinarritzen jarraituko du.

Ez dezagun normalizatu, beraz, haurreskola sare publikoan milaka plaza hutsik dauden bitartean eta bertako langileak beraien haurreskolatik desplazatuak diren bitartean, zentro pribatuek diru-laguntzak jasotzen jarraitu behar dutenik. Eredu pribatuari, hau da, hezkuntzaren pribatizazioari, alfonbra gorria jartzea deitzen diogu guk horri. Hara, hor, zuen filosofia.

Orain arte planteatutako guztia gutxi izango ez balitz, hilaren 16an Haurreskolak Partzuergoko gerenteak Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan onartu zuen, besteak beste, enpresaren Lan Hitzarmena ezin duela bete aurrekontu nahikorik ez duelako. Doakotasunean pentsatzeko momentua ere ez dela adierazi zuen goiz hartan, pribatuek jasoko dituzten diru-laguntzen deialdia argitaratu zen egunean bertan. Baina matrikulazio jaitsieraren errua pandemiari egotzi zion, diru-laguntza horiei buruz ezer aipatu gabe. Hori ere zuen filosofiaren parte izango delakoan gaude.

2021eko aurrekontuak ate joka dauden momentu honetan, Bildarratz jauna, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunean aurrerapausoak emateko beharrezko diru-partidak integratzea eskatzen dizugu hitz hauen bitartez. Borondate politikoa izanez gero, posible da.

Era berean, STEILAS sindikatuak argi eta garbi planteatu nahi dizu Haurreskolak Partzuergoren egoera hobetzen ez den bitartean, sare pribatura bideratzen dituzuen diru-laguntza publiko horien gaineko hausnarketa egitea aurrekontuak onartu baino lehen. Benetan uste dugu behar-beharrezkoa dela momentu honetan zerbitzu publikoak indartzea, babestea eta lehenestea. Besterik egitea, jendartearen jatorrizko desberdintasunekin negozioa egiten jarraitzea izango litzateke.

Horrelako neurririk jaso ezean, zoritxarrez, zuzentzen duzun Hezkuntza Saila beste interes batzuei segika ari dela pentsatuko dugu: interes pribatuen alde egoera bere horretan mantentzea eta dagoeneko klasista den hezkuntza sistema segregatzailea sendotzea.