Steilas irakaskuntzako sindikatua da. Hori da bere eremua. Hortik sortu zen, eta hor dago gure izaera eta gure jarduera.
Unibertsitate ikasketak herritar guztien eskura jartzeko lanean hamarkadak daramatza Steilasek, proiektu hori posible egiten duten pertsona guztien lan-baldintzak defendatzen ditu Steilasek.
Unibertsitate honetan lan egiten duten pertsona askoren jarduerak ez dauka irakaskuntzarekin edota ikerketarekin lotura zuzenik, baina horiek gauzatu ahal izateko funtsezkoak diren lanak egiten dituzte. Unibertsitate Publikoa guztion elkarlanak posible egiten duen altxorra da, eta herri txiki honek berataz eta berarekin gozatzen jarrai dezan, langile guzti guztien jarduera da ezinbestekoa; administrazio-lanak, kudeaketa-lanak, mantentze-lanak, logistika-lanak… denak dira funtsezkoak gure Unibertsitatean.
Hala ere bada erabat funtsezkoa den eta oraindik aipatu ez dugun beste bat: irakasleek, ikertzaileek, ikasleek eta AZPko langileok egunero erabiltzen ditugun instalazioen garbiketa. Gu guztiok gure lanpostura bertaratu aurretik, langile talde batek beharrezkoa duzun mahaia, bulegoa, laborategia, milaka ikaslek erabiltzen dituzten eta irakaskuntzarako horren beharrezkoak diren ikasgelak… garbitu dituzte. Eta… ez ahaztu zure beharrak egin ahal izateko txukun-txukun aurkitzen dituzun komunak, horiek ere ez baitira magia bidez bakarrik atontzen.
Garbiketaren zerbitzua externalizatu egin zen. Baina, zergatik gertatu zen hori? Beraien lana ez delako aintzat hartzen, sektorea ez delako baloratzen, eta ondorioz, gainera, prekarizatuta dagoen sektorea delako. Oinarrian, langile horiek ez zitzaizkiolako inori axola. Guzti honen inguruan hitz egiten jarraituko dugu, badakigu konponbidea ez dela erraza izango, baina Steilas sindikatuarentzat garbitzaileak gure lankideak direla azpimarratu nahi dugu eta horrexegatik egin dugu beraien inguruko aipamen berezia lerro hauetan.
Amaitzeko, Steilasek langile hauek UPV/EHUko beste langile guztiek dituzten eskubide berdinak lor ditzaten ahal dugun guztia egingo duela adierazi nahi dugu, eta bide batez, unibertsitate honetako instalazio ororen erabilera ere eskubide horien barruan dagoela azpimarratu nahi dugu, “office” edota “txokopas” deritzoten horien erabilera, alegia.
Leave A Comment