Abenduaren 10 eta 16ko greba eta mobilizazioen ostean, atzo, hilak 22, deitu zuten bilerara bertaratu ginen, gai-ordenari aldarrikatzen ari garen honako puntu hauek gehitzea eskatu genuen aldez aurretik, baina ez genuen erantzunik jaso:

– Ordezkapenak betetzea, hezitzaileak haurreskola batetik bestera derrigorrezko desplazamenduekin eta aparteko orduen erabilera txarrarekin bukatzea.
– Akordioetan oinarrituko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, irakaskuntzako kolektibo guztietan Hezkuntza saila egiten ari den bezala.
– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
– Haurreskolak Partzuergoaren integrazioa Hezkuntza sailean.
– Doakotasunerako urratsak ematea.
– Aurrekontua handitzea.

Atzoko Mahai negoziatzailera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko hainbat ordezkari bertaratu ziren kudeaketako langileen aurreakordioaren inguruan hitz egiteko aitzakiarekin baina inolako dokumentaziorik aurkeztu gabe. Aurreakordio hau orain dela ia urtebete sinatu bazen ere, oraindik ez dute bete, eta orain aldebakarrez berrikustea erabaki dute. Hau da, gainontzeko kolektiboetan ez bezala, Haurreskolak Partzuergoan akordioak ez dira betetzen ari.

Atzo Hezkuntza saileko ordezkariek 2009aren ostean sinatu diren eta orain arte normaltasunez bete izan diren akordio guztien zilegitasun juridikoa zalantzan jarri zuten. Orain arte gerenteak, akordioak ez betetzeko erabili duen aitzakia ekonomikoa bazen ere, oraingoan bestelako aitzakiekin etorri zaizkigu.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok egoeraren larritasuna langileei azaldu eta mobiliazazio dinamikarekin jarraitzea baino ez zaigu geratzen.

Negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu, azpimarratuz urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin jarraitzea eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula.
Haurreskolak Partzuergoko langileak, familiak eta udalak zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen ditugu.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak 2020ko abenduaren 23an