2021ean ere, irakasle funtzionarizatuak (gehienak garai bateko Nafarroako Diputaziotik eta Iruñeko udal ikastoletatik datozenak) 60 urterekin erretiratzeko aukera izanen dute. Hala egin dezakete Klase Pasiboen araubideari atxikitako lankideek bezala. Aukera hori ez da ageri 2021eko Estatuko aurrekontu orokorretan, nahiz eta Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zigun desagertu egin zela. Estatuko Ogasuneko Klase Pasiboen Unitatearen azken orduko aldeko interpretazio bati esker, langile horiek 60 urterekin erretiratu daitezke, 2018ko aurrekontu orokorretan onartutako xedapen gehigarriaren bidez, nahiz eta 2021eko aurrekontuetan jasota ez egon.

Laburbilduz, aipatu irakasleak erretiratu zitezkeen 60 urterekin 2011. urterarte, beren azken lanegunean eskatu ondoren Gizarte Segurantzako Araubide Orokorretik Estatuko Klase Pasiboen Araubidera igarotzeko. Baina PPko gobernuak bide hori ezeztatu zuen 2011n, murrizketa basatien politikaren barnean, eta 2018ko ekainera arte ez ziren 60 urterekin erretiratu ahal izan direlako langileak, urte hartako aurrekontuetan sartutako xedapen gehigarri bati esker. Luzapen horrek ez die ziurtatzen deus ere 2022tik aurrera 60 urte betetzen dituzten irakasle funtzionarizatuei. Horregatik STEILASek eskatzen die Nafarroako eta Estatuko Gobernuei berma dezaten behin betiko erretiroa aipatu arauen eraginpeko irakasleentzat.

Bestalde, 60 urteko irakasleei oraindik ez zaie lanaldiaren herena txikiagotu (ikastetxean egon beharrik ez izatea). Txikiagotzea hezkuntza publikoko hezkuntza itunean xedatuta dago, eta Hezkuntza Departamentuak uko egin dio 2018-19 ikasturteaz geroztik ezartzeari, irakasle funtzionarizatuak adin horretan erretiratu zitezkeela argudiatuta. STEILASek delako neurria aldarrikatu zuen egoera horretan zeuden irakasle guztiendako itunaren negoziazioan: funtzionarizatuak, interinoak edo behar adina denbora kotizatuta ez zuten Klase Pasiboetakoak (normalean, familiakoak zaintzeko eszedentzia luzeak zituzten emakumeez osatua).

Egoera horrek gero eta irakasle gehiagori eraginen die; izan ere, 2011z geroztik funtzionarioak ez dira Klase Pasiboetakoak, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrekoak baizik; beraz, gutxienez 67 urterekin hartu beharko da erretiroa, 70 ez badira, ELGAk (OCDEk) edo Europar Batasunak “gomendatzen” duten bezala. Ahaztu gabe Estatuko gobernuak 2020ko apirilean egin zuen mugimendua, Klase Pasiboen Araubidea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) kudea zezan, etorkizuneko erretiro-adinean murrizketak izanen direla iragartzen baitu.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuak hezkuntza ituna betetzea eta, berehala, heren bateko murrizketa ezartzea 60 urtetik gorako irakasle guztiei, eta aurrera egitea hezkuntza pribatuko irakasleek 61 urtetik aurrera duten lanaldi-murrizketaren parekatzean, are gehiago kontuan hartuta Hezkuntza Departamentuak ordaintzen duela.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

PO erretiroa PDFan