Martxoaren 5ean Aiaraldean enplegu eta bizitza duinen alde eskualdeko lan-zentro guztietan deituriko lanuztearen aurrean, Hezkuntza Sailak irizpide propioz langile publikoen greba eskubidea urratu du, lanuztea burutzeko asmoa zuten langileei justifikatu gabeko falta jarriko zitzaiela adieraziz.

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek Lan Sailari jakinarazitako greba erregistroan argi eta garbi adierazten zen Aiaraldeko eskualdeko eremu guztietako langile laboral eta funtzionario guztiak deituak zeudela lanuztera. Izan ere, eskualdeak bizi duen krisi egoerak langile guztien erantzun irmoa behar du. Bereziki, Tubacex eta Valvospain enpresetako egoerek zein Covid19ak azeleratu dituen krisi ekonomiko eta sozialak, non enplegu suntsiketa egoon den eta zerbitzu publikoen ahultzea eman den.

Lanuzte honen aurrean onartezina da Hezkuntza Sailak izan duen jarrera. Eskubide indibidual eta kolektiboen kontra joz, hezkuntza publikoko langileei grebarako eskubidea urratu die. Ikuskaritzatik zuzenean zuzendaritzei agindu argia emanez, lanuztea burutuko zuten langileei justifikatu gabeko falta jarriko zietelako mehatxupean.

Lanuztearen erregistroa egin zenetik, Lan Sailak denbora nahikoa izan du Hezkuntzako eremuan beste greba batzuetan egin bezala lanuztea kudeatzeko. Zuzendaritzei agindu okerra emanez, langileak faltekin mehatxatuz eta ikasleen gurasoei jakinarazi gabe, lanuztea egiteko eskubidearen kontra jo du Hezkuntza Sailak.

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuak Hezkuntza Sailak izandako jarrera onartezina salatzeko eta greba bezalako oinarrizko eskubidea babesteko gure esku ditugun mekanismo guztiak aztertuko ditugu, enpleguaren defentsan aritzeko langileon mobilizaziorako eta interpelaziorako eskubideak bermatzea ezinbestekoa delako.

Euskal Herrian, 2021eko Martxoaren 5ean