2020-2021 ikasturtean COVID-19a dela eta 1.000 irakasle plaza  inguru gehigarri egon dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoetan. Kurtsoa hasi baino lehen STEILASek adierazi zuen irakasle kopuru hori nahikoa ez zela izango, hala ere, irakasle horiek ezinbesteko bilakatu dira ikastetxeetako hezkuntza proiektuak, modu presentzialetan, berme sanitario nahikorekin aurrera eraman ahal izateko. Hezkuntza sailburuak ere modu egokian baloratu du langile hauen kontratazioa pandemiak sortu duen salbuespenezko egoerari aurre egiteko.

Datorren ikasturterako planifikazioa egiteko momentuan gaude eta egoera sanitarioa ez da hobetzen ari. Gaur gaurkoz ez dago eskolak normaltasunera bueltatuko diren inongo ziurtasunik. Horregatik 2021-2022 ikasturterako planifikazioan baliabide pertsonal horiek guztiak, irakasleak, hezitzaileak, begiraleak, garbitzaileak,… mantentzea edo handitzea eskatzen du STEILASek, eskola proiektuak ahalik eta berme sanitario eta pedagogikoekin gara daitezen.