Donostiako Maria Inmaculada Lanbide Heziketako Ikastetxeko zuzendaritzak  langileei jakinarazi die 2021-22 ikasturtean ikastetxea ixteko erabakia  hartu duela. Kristau Eskolako ikastetxe itundu horren itxierak  ikastetxeko 13 langilek bere lanpostua galtzea ekarriko du eta 175  inguru ikasleen eskolaratzean eragina izango du.

Erabaki hori dela eta STEILASek:

  • Ikastetxearen titularrari eta Kristau Eskolari exijitzen die arduraz joka dezaten eta langileak, familiak nahiz ikasleak asebeteko dituen   konponbidea eman dezaten.
  • Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen dio ikastetxeak izan ditzakeen irtenbide aukera guztiak aztertzea,   publifikazioa barne, beti ere hezkuntza komunitatearekin adosturik.

STEILASek bere esku dagoen guztia egingo du langile guztiak  birkokatzeko, hitzarmen kolektiboan jasotako birkokapen akordioaren  bidez eta patronalei exijitzen die oztoporik ez jartzeko langileak  birkokatuak izan daitezen.

Deigarria bezain kezkagarria da atzo komunikabideen bitartez jakitea  bertan hotel bat eraikitzeko asmoa dagoela, eta egun berean  zuzendaritzak langileei itxieraren berri ematea. Ez dugu ahaztu behar  ikastetxe pribatu-itundu horrek urtez urte milaka euro jaso dituela  hezkuntza itunen bidez; eta orain, negozioak etekinik ematen ez duenean  ikastetxea ixtea erabakitzen da. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari  eskatzen diogu negozio honen bitartez eskuratuko diren irabaziak  aztertzea, zaintzea eta, orain arte jasotakoaren truke, ogasun  publikorako berreskuratzea.