Euskal Hezkuntza Sistema Publikoko langileen txertaketa ez da oraindik burutu , nahiz eta Hezkuntza Saila kontrakoa esaten ari den. Langile askok oraindik ez dute ezta txertoaren lehen dosia jaso.

Hasieran, Eusko Jaurlaritzak txertaketa prozesua sektoreka antolatu zuen:

  1. Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileak, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, Haur Hezkuntzako irakasleak, jangeletako begiraleak eta, oro har, musukorik erabiltzen ez duten ikasleekin lan egiten duten kolektiboak.
  2. Gainontzeko hezkuntza langileak
  3. Baja egoeran egonda, lanera bueltatzen ziren hezitzaile eta irakasleentzat zein lanean hasten ziren ordezkoentzat ere, txertaketa prozesua irekita egongo zela baieztatu zuten.

*Aipatu beharra daukagu Eusko Jaurlaritzak prozesu horretatik kanpo utzi zituela Unibertsitateko , Hizkuntza Eskoletako, Kontserbatorioko eta Helduen Hezkuntza Eskoletako irakasleak.

Hainbat eta hainbat langilek txertatzera joateko mezua ez dute jaso gaur egun eta beraien adin tartearen araberako txertaketa txandari itxaron behar diotela esan diete. Horietako asko musukorik erabiltzen ez duten haurrekin lan egiten duten langileak dira. Zer gertatzen da langile horiekin? Eta, lanean hasi berriak diren ordezkoekin? Kutsatzeen %45a ikastetxeetan gertatzen bada, nola da posible langile horiei babesteko eskubidea ukatzea?

Hori gutxi balitz, atzo jakinarazi zigutenaren arabera, AstraZeneca txertoaren bigarren dosia hartu behar duten langileek itxaroten jarraitu beharko dute. Zertan ari da Eusko Jaurlaritza? Zer nolako txertaketa plana kudeatzen ari da?

STEILASek egoera hau behin eta berriro salatu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren aurrean, baina ez dugu erantzunik jaso.

Ohar honen bitartez, Eusko Jaurlaritzari publikoki azalpenak eman ditzala, egia esan dezala, hasitakoa bukatu dezala eta hartutako konpromisoak bete ditzala eskatzen diogu. Azkenik, oraindik txertatu gabe dauden langile horien txertaketa berehala abian jartzea exijitzen diogu.