Ustez Hezkuntza Saila berri batekin ekin genion ikasturteari. Eusko Jaurlaritzaren gidaritzan berberek jarraitzen bazuten ere, aurpegi berriak topatu genitzakeen hainbat bulegotan. Aldaketa hori irudikatzeko hezkuntzako kontseilari berria irribarretsu eta elkarrizketarako prest agertu zen komunikabideetan. Bere asmo berrien adierazgarri hezkuntza komunitatearekin biltzen hasi zen pixkanaka eta guri ere, iritsi zitzaigun momentua. Aurpegi berriak ustezko forma berriekin iritsi zirela ikusi genuen eta horrela jakinarazi genuen, baina jakiteke zegoena zen eduki berriak ere ekarriko ote zituzten.
Sineskorrak ez garen arren, ireki berri ziren negoziazio mahaietan jarriko zenaren zain gelditu ginen. STEILASek arduratsu jokatzen du 30.000 langileek osatzen duten EAEko irakasleen sektorea ordezkatzerakoan, beraz, prestutasun eta borondate osoz ekin genion negoziazio kolektiboari. Esan bezala, formez gain edukiak behar ditugu eta azken horretan huts egin du sailak, gaur gaurkoz luzatu dizkiguten proposamenetan zehaztasun falta ikaragarria dago eta.
Pandemia bati aurre egin zaio ikasle ratioak jaitsi gabe, eta etorkizunean horrela jarraitu beharko dute ikastetxeek. Dirudienez, hezkuntzan gehien inbertitzen duen administrazio honek ez omen du nahikoa dirurik ratioak jaisteko, inbertsio zati handia kontzertuetara baitoa. Telelanari ere ekin genion, inolako berariazko prestakuntzarekin eta nork bere baliabideekin, baina ikastetxearen digitalizazioa aurrera eramateko Hezkuntza Sailak ez du irakaslerik ere aurreikusteen. Hori bai, telelanaren garaian Bigarren Hezkuntzako irakasleak ikastetxean egon beharreko orduak 30era handitu nahi ditu.
Hori dira gaur-gaurkoz, maiatza dagoeneko iritsi denean, ditugun zehaztasun xumeak, gainontzekoak nahasmena sortzen duten proiektu eraberritzaileak eta baliabiderik gabeko asmoak. Oposizioekin bezala beren erabakien zain dantzan mantentzen gaitu Hezkuntza Sail honek.
Hezkuntza sistema ere dantzan jarriko duen eraberritzeko planak aurkeztu dizkigu sailak, dirudienez ikastetxeei beraien proiektu berritzaileen baitan emango dizkiete baliabideak. Eguneroko praktikan eta bereziki itxialdi garaian denontzat argi geratu zen arren, Hezkuntza Sailak ez du ulertu nahi Euskal Eskola Publikoak kohesio tresna eta zerbitzu publiko gisa gure gizartean egiten duen funtzioa. Enpresa pribatuen logika neoliberalean pentsatzen jarraitzen du. STEILASetik argi dugu ez ditugula ikastetxe batzuek besteak baino “hobeak” egingo dituzten proiektuak nahi, ezta ikasle batzuek besteengandik berezituko dituztenak ere, guk denona eta denontzat diren proiektuak eta horiek aurrera eramateko baliabide egokiak nahi ditugu.
Kontseilari berriak bere kargua hartu zuenean greba baten aterkipean iritsi zela aurpegiratu zigun sindikatuoi. Bagenekien aurpegi berriek ez dutela politika desberdina egiten gobernu berberaren menpe, baina aukera bat eman genion gobernu honi. Gaur, STEILASek pazientzia agortu zaigula jakinarazi nahi du. Administrazio honi ez baitizkiogu 100 egun eman, 300 baizik, eta oraindik edukiak noiz iritsiko zain gaude. Beraz, Hezkuntza Sailari exijitzen diogu: hezkuntza publikoari dagokion erreferentzialtasuna eman diezaion, ikastetxe publikoek izango dituzten baldintza eta baliabideak lehenbailehen zehaztu ditzan eta langileak ordezkatzen ditugun sindikatuekin modu erreal batean negoziatu dezan.
Leave A Comment