Hezkuntza Sailak murrizketak gauzatuko ditu hezkuntzako hainbat zerbitzutan alde bakarrez, jakinarazpenik gabe eta bertako langileen eta ikasleen etorkizuna kontuan izan gabe.

Batetik Urrutiko Hezkuntzako Euskadiko Institutua (UHEI) bertan behera geldituko dela jakin dugu. Egun zerbitzu horren etorkizuna, baita bertako langileena ere ez dago guztiz argi. Ulertezina egiten zaigu Hezkuntza Sailaren aurreikuspen falta, langile horiek bertan behin betikotu baitziren ikasturte honetan gauzatu zen lekualdatze lehiaketa singular baten bidez. Orain, 9 hilabete ere igaro ez direnean, suprimituak izango omen dira. Hezkuntza Saila inprobisatzen ari al da ematen dituen zerbitzuekin? Gainera kontuan izan behar dugu, ikasteko bestelako aukerarik ez dutenentzat bideraturiko zerbitzua dela. Beraz, argitu beharko dute zerbitzua baldintza berdinetan mantenduko den eta zerbitzua emateko beharrezkoak diren lanpostuak ere mantenduko ote diren.

Bestetik, Hezkuntza Sailak IRALEko zerbitzua berrantolatu du eta horren ondorioz lanpostu asko desagertu egin dira. Sailaren hitzetan zerbitzua hobetzea izan da helburua. Hobekuntza al da ratioak igotzea, zuzendaritzaren orduak murriztea, liburutegi edo informatikari arduradunak kentzea edo azterketa prestatzaileen orduak desagerraraztea? Hori hobekuntza baino baliabideen optimizazioa da.

Horregatik guztiagatik, STEILASetik adierazi nahi dugu ez dugula lanpostuen isileko amortizaziorik onartuko. Zerbitzuen berregiteek ezin dute lanpostuen galera suposatu.

MURRIZKETARIK EZ!!