Ostegunean Amurrioko Zabaleko ikastetxeko hezkuntza komunitateak eskolaren itxieraren berri izan zuen. Oraingoan ere, Jaurlaritzak eskola publikoarekiko legealdiz legealdi erakutsi duen utzikeriak eta ikasleen matrikulazioan hamarkadaz hamarkada izandako iruzurrak muturreko egoerara eraman dute Amurrioko ikastetxea.

Aurreko Hezkuntza Sailak ikastetxe berria agindu zien Amurrioko San Jose auzoko bizilagunei, baina horren ordez, isilean eta azpijokoan aritu ostean, EAJak bizkarra eman dio Zabaleko eskolako komunitateari.

Egoera hau ez da gertakizun isolatua. Erkidegoko herri eta auzo askotako eskola publikoak ari dira hezkuntza sailaren pribatizazio dinamikak eta azpiegiturak berritzeko inbertsio falta pairatzen.

STEILASetik adierazi nahi dugu Hezkuntza Sailaren politika pribatizatzailearen kontra borrokatzen jarraituko dugula eta ez dugula ikastetxe publiko bakar baten itxierarik onartuko.

Horregatik guztiagatik, STEILASek bat egiten du ZABALEKO BIZIRIK PLATAFORMAk antolatutako mobilizazioekin eta dei egiten dio hezkuntza komunitate osoari guzti horietan parte hartzera.

Gasteizen, 2021ko maiatzaren 23an.