Aurtengo martxoaren 26an, prentsaurreko batean, Carlos Gimeno kontseilariak aurkeztu zigun ustezko eskaintza bikain bat: Goi Mailako Lanbide Heziketako atzerriko hizkuntzetan ziklo elebidun berriak 2021-2022 ikasturterako. Titular horrek zirrara mediatikoa besterik ez zuen helburu, inolako argudio pedagogikotan oinarritu gabe.

Batetik, ez dute arazorik atzerriko hizkuntzetako programak inposatzeko lanbide heziketan ere, irakasle eta ikasle prestaturik ez egon arren eta kaltegarriak izan batzuentzat eta besteentzat. Titulurik lortzen ez duten behin-betiko irakasle funzionarioak desplazatuak izaten dira; behin-behinekoak lanik gabe gelditzen; lanpostu horiek EPE bidez finkatu ez daitezkeenez, ezegonkortasun handia sortzen da ikastetxeetako plantilletan, hezkuntza kalitatearen kalterako. Ikasleei dagokienez, atzerriko hizkuntzak ikas ditzakete, munduko gainerako herrialdeetan bezala, ingelesez ematen diren ikasgaietan gaitasun gutxiago eskuratu gabe (ikasketa horietatik lan mundura igarotzen dira zuzenean) eta zailtasun gehien dituzten ikasleak bereizi gabe. Honekin Estatuan eta Nafarroa Garaian hain eztabaidatuak diren PAI bezalako programei jarraipena eman nahi die Gimeno kontseilariak.

Bestetik, urteak daramatzagu LHn euskarazko zikloak eskatzen eta zenbait erantzun jaso ditugu euskarazko ikasketak ez ezartzeko. Nafarroa Garaiko Gobernuak euskarari ematen dion tratamendua gero eta gehiago urruntzen da edozein hizkuntzak behar duen tratu normalizatutik eta demokratikotik, eta ez ditu bermatzen nafar askoren hizkuntza eskubideak. D ereduko ikasleak uzten ditu eskubiderik gabe euskaraz ikasten jarraitzeko. Hortaz, non dago Euskarabidea? Zergatik ez du salatu bidegabekeria hau?

Atzerriko hizkuntzak ikasteari dagokionez, nahitaezkoa ezarri zuten ingeles ikasgaia LHko Goi Mailako ziklo guztietako lehen mailan. Interesgarria izan zitekeen hori ikasleek ingelesez aski jakinen balute batxilergoa bukatu ondoren, ziklo bakoitzeko ingeles teknikoa ikasteko, baina errealitatea gordinagoa da, 18 urteko edo gehiagoko ikasleak oinarrizko gramatikako edukiekin hasten baitira. Horrek askorentzat atzerapena dakar atzerriko hizkuntzaren ikaskuntzan baina, aldi berean, Goi Mailako beste ikasle batzuk artatu behar dira, Erdi Mailatik datozenak eta zenbait faktorerengatik atzerriko hizkuntzak ez dakizkitenak. Aztertu dute testuingurua eskaintza elebiduna atera aurretik? Adituekin hitz egin dute? Hezkuntzaren proposamenarekin erantzunen ote zaio atzerriko hizkuntzak jakiteko arazoari edo are gehiago larrituko da? Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroa Garaiko Gobernuaren ardura da gaitasuna aztertzea modulu elebidun horiek sustatzeko, oztopatu gabe Lanbide Heziketan eskuratzen diren edukiak lortzea eta gaitasunak garatzea.

Ikusi beharko da, halaber, nola betetzen dituzten irakasleen lanpostuak modulu horiek atzerriko hizkuntzan emateko; izan ere, C1 edo B2 maila egiaztatzeaz gain, hizkuntza tekniko egokia erabili beharko dute moduluak emateko. Ziur gaude C1 titulua duten irakasle gehienak ez daudela prestaturik berariazko modulu teknikoak emateko, zer esanik ez B2 tituluaren jabe direnak. Nola saldu diezagukete irakasleak prestaturik daudela teoria espezifikoa ingelesez ongi azaltzeko?

Euskarazko murgiltze-ereduan ikasleen % 25ek ikasi arren, Nafarroa Garaiko Gobernuak ingelesezko sasimurgiltze kaxkarra bultzatzen du. Goi Mailako zikloetan zazpi ziklo berri eskaintzen dira elebitan, eta horiei gehituko zaizkie beste bederatzi, elebakarrak izanik elebidun bihurtuko dituztenak. Guztira hamasei ziklo eskainiko dira elebiz. Horietako bi elebidunak dira euskararekin, bat berria eta bertzea D eredutik datorrena, elebidunera pasa dena (frantsesera). Nafarroa Garaian Goi Mailako 107 ziklo eskaintzen dira: 85 gaztelaniaz, 14 gaztelaniaz elebitan, 6 euskaraz eta 2 euskaraz elebitan. Horrek esan nahi du euskarazko zikloen eskaintza ez dela % 6ra iristen. Egoera antzekoa da Iruñerrian ere: 74 zikloetatik 59 gaztelaniaz dira, 10 gaztelaniaz elebitan, lau euskaraz eta bat euskaraz elebitan; euskaraz zikloen % 5,4 baizik ez dira eskaintzen. Bitxikeria gisa, 5 ziklo bikoiztuta daude gaztelaniaz eta gaztelania elebiduna alde batetik. Beste 5 ziklo bikoiztuta daude gaztelania hutsean, beste behin ere euskararen kaltetan. Honako ziklo hauetan ikusten dugu: Administrazioa eta Finantzak (Mariana Sanz I.I.), Basogintzaren eta Natura Ingurunearen Kudeaketa (Nekazaritza eta Basogintzaren I.I.), Telekomunikazio eta Informatika Sistemak (Donapea I.I.P.), Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena (Mariana Sanz I.I.), Laborategi Klinikoa eta Biomedikoa (Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala I.I.), gaztelaniazko eskaintza elebiduna. Energia Berriztagarriak (Energia Berriztagarriak I.I.P.), Sistema Informatikoen Administrazioa Sarean (Mariana Sanz I.I.), Mekatronika Industriala (Virgen del Camino I.I.P.) eta itunpeko bertze bi ikastetxe, non bikoiztutako zikloak gaztelaniaz bakarrik eskaintzen diren.

Erdi Mailako zikloetan, kopuruak zertxobait hobetu badira ere, euskarazko eskaintzak oso eskasa izaten jarraitzen du, guztiaren %10 inguru. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, 2021-2022 ikasturterako euskarazko eskaintza bi ziklotan handitu da, gaztelaniazko bertze 10en aldean. Erdi Mailako D ereduko zikloak 14 dira, zazpi Iruñerrian eta bertze 7 eremu euskalduna deitutakoan. Erdi Mailako zikloen eskaintza, Nafarroa Garaian, 123koa da, eta horietatik 65 gaztelaniaz eskaintzen dira Iruñerrian.

Oinarrizko LHko zikloak konplexuagoak dira azterketa sakon bat egiteko. Heziketa ziklo horietan sartzen diren ikasleek, batez ere, zailtasun handiak izan dituzte DBH ikastean. Nafarroako Foru Komunitateko eskaintza 50 ziklokoa da, horietatik hiru euskaraz, Iruñerrian bakarra izanik. Autokonplazienteak izan nahi badugu, D ereduko ikasleek maila akademiko altua dutela erran dezakegu eta horregatik ia ez dagoela Oinarrizko LHko ziklorik. Baina Goi Mailako graduetan irakurketa bera egiten badugu, ikasketak Nafarroako jatorrizko hizkuntzan egin ahal izateko eskubidearen beste urraketa bat ikusten dugu.

Goi Mailako ikasketak bukatu dituzten ikasleei zuzendutako espezializazio-ikastaroetatik, lanbide-profila koalifikazio espezifikoaren bidez eguneratzeko eta hobetzeko aukera ematen duten bost eskaini dira, eta bostak gaztelaniaz.

Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu bertan behera utz ditzala ziklo elebidun berri hauek; horren ordez, ezar dezala ikastetxe bakoitzean Hizkuntzen Tratamendu Integraturako programa bat (dituzten hizkuntza-ereduen araberakoa), hizkuntza bakoitzean ikasitakoak beste hizkuntza ikasgaietan eragin positiboa izan dezan. Eta horrekin batera, eskatzen diogu Nafarroa Garaiko Gobernuari euskara normalizatzeko eta nafar guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko (familien eskaerei erantzunez); D eredua bultza dezala Lanbide Heziketan ere, Nafarroa osoan eta, zehazki, Iruñerrian.

2021-06-03, LAB – STEILAS – ELA