Haurreskolak Partzuergoak azken egunetan hartu dituen erabakien kontura STEILAS
sindikatuak bere irakurketa plazaratu nahi du.
Hainbat haurreskola txiki ixtearen erabakia, azkenik, bertan behera utzi du
gerentziak. Horren kontura azken egunetan hezitzaileen eta familien kexa eta
aldarrikapenak jaso eta gero, kudeaketa ezberdinak medio, erabakia bertan behera
uztea lortu dugu guztion artean. Haurreskola txikien egunerokotasuna eta etorkizuna
horrela zalantzan jarri izana lotsagarria iruditzen zaigu printzipioz hori guztia babestu
beharko luketen karguen partetik. Borrokak bere fruituak ematen ditu, eta oraingoan
ere horrela izan da.
Era berean, uztaileko mugimenduen berri egun hauetan eman du enpresak. Nahiz eta
sindikatuok mugimendu horien aurka gure iritzia etengabe argi eta garbi utzi,
enpresak modu arbitrarioan gauzatu ditu urtez urte, irizpide pedagokiko guztien
gainetik pasatuz, beste batzuen artean. Aurten ere, horrela egin du.
Gainera, azken egunetara arte itxoin izana errespetu falta galanta da, bai
hezitzaileekiko, bai haur eta familiekiko. Haurreskola asko salduta uzten dituzte
erabaki horiek, hezitzaileen mugimendu horrek haur eta familiei suposatzen dien
guztiarekin. Hori guztia gutxi ez eta, zuek inork baino hobeto dakizuen bezala,
kontratua luzatuko ez zaien hezitzaileek edota mugituak izango diren hezitzaileek
bapatean jasotzen dute jakinarazpena, eta hori ez da batere bidezkoa. Horren
aurrean, zuei ere zuen zein familien desadostasuna adieraztea gomendatu dizuegu;
guztion artean ahalik eta presio gehiago egin, hobe. Mugimendu asko bertan behera
uztea lortu dugu horrela guztion artean ere.
Haurreskolak Partzuergoari horrela gehiago ez jokatzeko exijitu beharrean gaude
berriro ere. Ezin ditu errespetu eta enpatia falta izugarri horiek erabili enpresa
kudeatzen duen bezala kudeatzeko. Hezitzaile, haur eta familiak pertsonak gara, ez
zenbaki hutsak.
STEILASek behin eta berriz jarri du mahai gainean Haurreskolak Partzuergoaren
kudeaketa horrek bukaera behar duela izan. Horrela adierazi genuen pasa den astean
argitaratu genuen iritzi artikuluan (klikatu irakurtzeko). Geroz eta arrazoi gehiago
ditugu planteamendu horri eusteaz gain, hori bera indartzeko.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu azken egun hauetan guregan jarritako
konfiantzagatik.
Euskal Herrian, 2021eko ekainaren 30ean.