ELA, LAB, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin dute Bilbon honakoa eskatzeko Eusko Jaurlaritzari eta euskal alderdiei: datorren astean Madrilen bozkatuko den Errege Dekretu Legeari ezezko borobila adierazi dezatela. Horrela ez bada, bertako negoziazio markoaren aurka aritu, eta euskal sektore publikoko milaka langileren kaleratzea bermatuko dute.

ELA, LAB, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek mobilizazio dinamika garrantzitsua egiten ari dira azken hilabeteotan EAEko sektore publikoan, helburu argi batekin: Gobernuei, erakundeei eta alderdi politikoei eskatzea beharrezko urrats guztiak egin ditzatela sektore publikoko behin-behinekotasuna sufritzen duten 60.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko, enplegu publikoa sortzeko eta pribatizazioarekin amaitzeko.

Testuinguru horretan, CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen bermearekin Estatuko Gobernuak onartutako Errege Lege Dekretua norabide okerretik ez ezik, egungo egoera iraunarazten duten neurriak barneratzen ditu: % 40tik gorako behin-behinekotasuna eta langileen prekarizazioa, sektore publikoa azpikontratatu eta pribatizatzeko lehen urrats gisa. Errege-Lege dekretu horretan jasotako neurriak:

  • Langile publikoen birjartze-tasak ezartzen ditu. Beraz, Espainiako Estatuak gure herrialdean behar ditugun langile publikoen kopurua ezartzen eta mugatzen jarraituko du.
  • EAEko behin-behineko 60.000 langile kaleratzeko atea irekitzen du, urte luzez gure herrialdean zerbitzu publikoak aurrera atera dituztenak.
  • Gainera, behin-behinekotasunaren abusua jasan duten langile horiei ez zaie benetan bermatzen poltsetan sartzea, ezta urteko 20 eguneko kalte ordaina ere.
  • Ez da proposatzen benetako neurririk etorkizunean egungo aldi baterako enplegu-tasak, enplegu suntsipena eta arlo publikoaren pribatizazioa berriro gerta ez daitezen saihesteko.
  • Horrek guztiak eragin ditzakeen ondorio larriez gain, Gobernuak gabezia demokratiko larriak dituen salbuespenezko bide batetik jo nahi du: Errege-Lege Dekretuaren bidez.

Hori dela eta, ELA, LAB, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Eusko Jaurlaritzari eta euskal alderdi politikoei eskatzeko Errege Lege Dekretu hori publikoki arbuia dezatela eta EZ bozkatu dezatela Madrilgo Diputatuen Kongresuan

Euskal alderdi politikoen botoa erabakigarria izan daiteke Errege Dekretua baliozkotu ez dadin eta, horrekin, EAEko sektore publikoko milaka langile kaleratzeari estaldura eman ez dakion, eta, Estatuak eraso berri bat gauza ez dezan. Urkulluren Gobernuari eskatzen diogu neurri egokiak har ditzala abusuzko egoeran dauden behin-behineko langileak kontsolidatzeko lege-esparrua sortu ahal izateko; baita testuaren aurkako errekurtsoa jar dezala ere, Estatuko Gobernuak Errege Lege Dekretuaren bidez onartzen badu.

Azkenik, sindikatuek beharrezko mobilizazioak bultzatzen jarraituko dute, 60.000 langile baino gehiagoren lanpostuak kontsolidatzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta pribatizazioari ateak ixteko.