Haurreskolak Partzuergoak gaur jakinarazi du 2021-2022 ikasturtean haurreskolak 2022ko uztailaren 29ra arte (ostirala) mantendu behar direla irekita. Horra hor aurten egutegia horren berandu bidaltzearen arrazoia. Antza, Zuzendaritza Batzordeak uztailaren 1ean izan zuen bileran hartu zuen erabaki hori. Egutegiarekin batera bidali duten idatziak, gainera, ez du azaltzen nola uztartuko den haurreskolako egutegi hori hezitzaileen egutegiarekin (222 egun/212 egun). Sindikatuei ezer jakinarazi gabe eraman dute prozesu hori aurrera.

Lotsagarria iruditzen zaigu erabaki hori hartzeko Haurreskolak Partzuergoak, Hezkuntza Sailak eta Eusko Jaurlaritzak izan duten gardentasun falta eta sekretismoa, Zuzendaritza Batzordearen jardunean gorpuztuta. Erabakiak Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena urratzen ez duela ematen duen arren, haurreskolen, hezitzaileen eta familien egunerokotasunean horren besteko aldaketa suposatzen duen erabaki hori horrela hartzea ez da bidea. Are gutxiago, egutegia langileenarekin nola uztartuko den azaldu gabe.

Langileok eta familiek eskubidea dugu ikasturtea hasi baino lehenago egutegia zein izango den ezagutzeko; are gehiago, aurtengoak aldaketa sakon hori dakarrenean. Non geratu da patronala eta alde sozialaren arteko negoziazioa eta elkarlana? Azken urte t´erdian sindikatuekiko (eta, ondorioz, langileekiko) erakutsi duten mesprezu eta begirune faltak bereziki arduratzen gaitu.

Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak erabaki horrekin lortzen dutena marketing politiko hutsa da, langileei nola eragingo digun azaldu gabe. Kalera ematen duen eskaparatea polita geratu zaie.

Era berean, ezin dugu aipatu gabe utzi Zorione Etxezarraga gerentearen jarduna. Haurreskolak Partzuergoa kudeatzeko duen ezintasuna agerian geratu da beste behin. Hamaikagarren aldiz, soberan erakutsi du betetzen duen postua handi geratzen zaiola: iniziatiba, irmotasun eta lidergo ezak dira bere trebetasun nagusiak. Beste batzuen erabakien eskura dagoen txotxongilo bat besterik ez da. Ez dugu gustoko hori guztia esatea, baina, zoritxarrez, egunero bizi dugun errealitatearen erreflejua diren hitzak dira.

2021-2022 ikasturteko egutegiarekin gertatu dena aspaldi gainezka egin duen edalontzian erori den azken tanta izan da. Zenbait jarrera ikusita, azkena ez dela izango imajinatu dezakegu. Azken ikasturteetan Haurreskolak Partzuergoa utzi duten hezitzaile zein kudeaketa langile zerrenda luzeak arduradunei zer pentsa eman beharko lieke.

Gauzak horrela, STEILAS sindikatuak 2021-2022 ikasturteko egutegia eta hori zehazten duen araudia bertan behera uztea eta sindikatuekin negoziazioa ezartzea exijitzen du.

Horretarako, iaz egin genuen bezala, LAB eta ELA sindikatuekin gauzatutako elkarlanarekin aurrera jarraitzeko pausoak emango ditugu.

Euskal Herrian, 2021eko irailaren 8an.

STEILAS