Hezkuntza Sailaren kudeaketa penagarriak hankaz gora jarri ditu ikastetxe publikoak. Udan zehar ikasturtea antolatzeko egindako kudeaketa onartezina da: egonkortu behar ez zen jendea egonkortu da, esleipen okerrak eman dira, Covid-19ko laguntzak ikasleak eskolara iritsi ostean banatu dira eta hainbat lanpostu Ordezkagunean berandu agertu dira, besteak beste.

Hedabideetan negoziatzen ari garela dioten bitartean, aldebakarrez erabakitako araudiak argitaratzen ari dira, ekainaren 30eko murrizketa eta eszedentzien kudeaketen kasuan bezala.

Hori gutxi balitz, ikasturte hasierako ebazpenean, ustez akatsak direnak ere badaude. Jardunaldi murriztuen eta osasun arazoengatiko ordu murrizketetan, adibidez, ordu kopuru okerrak agertzen dira; eta akats hauek guztiek ikastetxeen antolaketa guztiz baldintzatzen dute, langileen eskubideak urratuz.

Bestetik, ikasketa-beka eta laguntzetarako deialdia egiten duen aginduan, 2021-2022 ikasturterako aldaketak egin dituzte. Eskaerak kudeatzeko epe-muga irailaren 30era aurreratu dute, orain arte urriaren 30era arte zen.

Hezkuntza Sailak ikastetxeak hankaz gora jarri dituela salatu nahi dugu, ikasturte hasiera izugarri zailduz. Hau guztia onartezina da eta lehenbailehen konpontzeko exijitzen dugu.