2021eko azaroaren 22an, BBVAren aurkako plataforma osatzen duten taldeek eta EHk Kapitalari Planto! Kanpaina bultzatzen duten taldeek elkarretaratzea egin dugu epaitegietako atarian, BBVAren Akziodunen Batzarra dela eta, 2019ko martxoan egindako ekintzan parte hartu zuen ekintzaile bati ezarri dioten epaiketa dela eta. Auzipetutako ekintzaileari elkartasuna adierazteaz gain, berriz ere seinalatu eta salatu nahi dugu bai BBVAk bere onurak lortzeko duen modua, bai mobilizazio sozialaren kriminalizazioa eta errepresioa.

2019an egindako protestaren helburua BBVAren onurak «odolez zikinduta» zeudela eta oraindik hala jarraitzen dutela, eta gerra hemen hasten dela salatzea zen. Zehazki, hurrengo puntu hauek:

 

· BBVA arma-industriako inbertsioen buru den banku espainiarra da. Horrekin, hainbat arma-mota ekoizten dituzten enpresak finantzatzen ditu, gerora, hainbat gerratan erabiltzen direnak, eta milioika pertsona hiltzen eta lekualdatzera behartzen dituztenak munduan zehar.

· Bankuen erreskatetik 13.000 milioi euro baino gehiago jaso baditu ere, entitateak ehunka etxegabetze gauzatzen ditu urtero, krisi ekonomikoak gehien kaltetu dituen biztanleria-sektoreei eragiten dietenak.

· Pentsioen pribatizazioan sakontzeko presioa egiten duen banku-lobbyaren parte da, gaur egun erretiratutako pertsona gehienak babesten dituen eredu publikoaren kontura.

· Banku horrek gizartean eta ingurumenean eragin handia duten makroproiektu estraktibistak finantzatzen ditu planeta osoan zehar.

Protesta ekintza horren ondorioz, BBVAren aurkako Plataformako eta EHk Kapitalari Planto! Kanpainako sei ekintzaile zigortu gintuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Mozal Legea erabiliz. Ekintzaileek eta ekintza antolatu genuen taldeek isun horien helegiteak egin genituen; izan ere, protesta eta mobilizazio soziala herritarren oinarrizko eskubideak direla uste dugu, eta Mozal Legearen bidez horien aurka jardutea elkarretaratzeko eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dela, bai eta isunen bidez protesta desmobilizatzeko ahalegina dela uste baitugu. Gaur egin duten epaiketan erabakiko dute ekintzaile honek jasotako zigorrak mantendu edo baliogabetuko duten.