Edozein proposamenari begiratu aurretik ikus dezagun zein den gure hezkuntzaren egoera jakiteko zer arautu edo moldatu beharko lukeen lege honek benetan eraginkorra izan dadin eta ez ditzan soilik gauzak dauden bezala utzi. Horretarako bertan topatu ditzakegun indarguneak eta ahulguneak laburki azalduko ditugu. EAEn dugun hezkuntza sistema dualaren inguruan egiten dugun argazkitik hasiko gara.

 

Txanponaren alde batean, eta Cristina Uriartek 2019ko ekainaren 27an egindako diagnostikoaren arabera, EAEko hezkuntza sisteman orokorrean absentismo gutxi dago, eskola-uzte goiztiar tasa txikia da, haur txikien eskolatze maila nahiko handia da eta orokorrean errepikatze tasa moderatua da. Goi mailako ikasketetara ikasle asko iristen da eta emaitzetan ikasle bikainen eta txarrenen arteko distantzia ez da oso handia. Hortaz gain, D eredua da nagusia gure hezkuntza sisteman, batez ere sare publikori esker, Sare publikoan A eta B ereduak oso urriak baitira.

Txanponaren beste aldean, ordea, ez gara gure hezkuntzaren jabe Estatu Espainolak arautzen duen markoaren pean baikaude.

Hezkuntza pribatizazio maila izugarria dugu, hezkuntza eskaintzaren %49 pribatua da, Europar Batasuneko sare itundu-pribatu gehien duena Belgika ondoren. Nabaria da hezkuntza sare duala gizartearen estratifikaziorako tresna bihurtu dela, eta hezkuntza sistema klasista eta arrazista erraztu duela maila sozioekonomiko eta kultural apaleko eta atzerritar jatorriko ikasleen eskola-segregazioaren datuei erreparatzen badiegu. Entzun izan dugu azkenaldian segregazioa ukatu duenik sistema dualari lotuta, logikoa den bezala ikastetxeen errealitatea desberdina da herriz-herri eta zonaldez zonalde, baina errealitatea onartzeko zenbakiak behar dituztenentzat ere esan diezaiekegu jatorri atzerritarreko ikasleen %67 sare publikoan eskolatzen dela eta beken kopurua bikoitza dela publikoan, maila sozioekonomiko baxuena duten ikasleak publikoan daude… Beraz desberdintasunak gizartearen parte badira ere eta pertsonaz pertsona eman ahal badira ere, argi dago egiturazkoa den baztertze logika bat dugula hemen, segregazioa oinarritzat duen hezkuntza sistema duala.
Gure ustez, arazo hau konpontzeko bide bakarra Hezkuntza publikoa lehenestea da, denek joko arau berberak ditugun sistema bat sortuz.

EAEko hezkuntza sisteman eskola-segregazioa pairatzen duten, hau da, profil sozioekonomiko eta kultural baxuko ikasleen gehiegizko kontzentrazioak jasaten dituzten ikastetxeak %46,6 dira, hau da, hezkuntza sistemaren ia hezkuntza zentro erdiak, eta ikastetxe segregatu horien %90 sare publikoan daude. Beraz, ukaezina da ikastetxeen titulartasunean dagoela gakoa. Esan bezala errealitateari uko egin nahi dionarentzat datuak ere badaude.

Emaitza akademikoei begira, azken ebaluazio diagnostikoen arabera, korrelazio zuzena dago ikaslearen ISEKa eta emaitza akademikoen artean. Harrigarria bada ere, ikastetxe pribatuak ez ditu espero zitezkeen bikaintasunerako emaitzak ematen ezta ere, esate baterako, Euskarari dagokionez, emaitzak %10 baxuagoak baitira pribatuan publikoan baino. Gainera eskolaz kanpoko inputek, kontsumitzen ditugun produktu kulturalek eta pantailek eragin handia dute gai honekiko eta hori horrela izanik ikastetxeko D ereduak bere horretan ez du lortzen ikasleak euskalduntzea.. Argi dago euskararen gaia konplexua dela eta guretzat erdigunekoa izan behar duela. Gure helburua euskararen biziraupen eta hedapena bada, ez gaitezen inozoak izan, honi konponbide orokor bat eta era berean tokian tokikoak topatu behar zaizkio, adituen eta hezkuntza eragileen arteko lan zehatza eta hein batean teknikoa izan beharko dena. Osotasunean gai honi eutsiko dioten neurriak behar ditugu.

Baina bueltatu gaitezen ikasleen banaketa desorekatuen arrazoietara. Hezkuntza sailari dagokio Hezkuntza sistemaren planifikazioa egitea, horretarako hainbat dekretu eta agindu ebazten ditu urtero, baina tamalez Administrazioak ez du interes publikoa interes pribatuen eta partikularren gainetik jartzen. Argi eta garbi ikusi dugu azken urteetako hezkuntza politika neoliberala hezkuntza sare pribatua bermatzera joan dela, eta ez duela bere eskumen zuzenekoa den eta lehentasunezkoa izan beharko lukeen sare publikoaren alde egin modu irmoan. Horren ondorioz ikastetxeen arteko lehia etengabea da ikasleak erakarri nahian.

Hezkuntza saila ez da arbitro neutrala, batetik onarpena modu orekatuan gauzatzeko araudiak argitaratzen ditu, baina gero ezikusiarena egiten du dekretu horiek errespetatzen ez direnean; lau hamarkada baino gehiago darama Hezkuntza Sailak Hezkuntza ituna arautzen duen dekretua urratzen, irizpideak betetzen ez dituen ikastetxe pribatuak itunduz, zeintzuetan ISEK baxuko ikaslerik ez dagoen edota doakotasuna, laikotasuna eta ikasleen euskalduntze prozesua ez den bermatzen. Zuriketa ariketa paregabea, esan bezala ez zaizkigu legeak falta, hauek betearazteko borondatea baizik. Adibidez aipatu ditzakegu: kuoten kobratzea edo planifikazioz kanpoko matrikulazioa. Hori horrela, joko zelai berdinean titulartasun ezberdinetako ikastetxeak ditugu jokatzen, pribatuek abantailez beteriko araudi propio batekin eta publikoa apurrak jasotzeko aurrekoak baldintzatutako araudi batekin.

Halere, oztopo horien guztien gainetik, gehiegizko burokratizazio mailaren gainetik, baliabide faltaren gainetik eta egonkortasun faltari aurre eginez lanean ari dira hezkuntza publikoko langileak, aparteko lana eginez eta hezkuntza kalitate paregabea emanez. Nahiz eta askotan hezkuntza publikoarekin egiten den erradiografia penagarria izan, STEILASetik ez dugu onartuko zerbitzu publiko honen estigmatizazioa ezta bertako langileak gutxiestea ere.

Aldi berean zalantzarik ez dugu lege honek langileen lan baldintzen hobekuntza bati lotuta etorri beharko dela, badelako garaia ere aspaldi murriztu ziren Hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko. Hezkuntzako langileon etorkizuna hezkuntzaren sistemaren etorkizunari lotuta baitago, eta hezkuntza sistemaren etorkizuna langileon lan baldintzei; batak bestea gabe, ez du etorkizunik.

Bueno diagnosi orokor honen ondoren proposamenak egitea da gure helburua, nolanahi eragina edo intzidentzia izango duenaren esperoan, baina argi dugu horretarako borondate politikoa behar dela. Eta hau diogu ze hausnarketarako eremu hau oso interesgarria bada ere, eta zalantzarik gabe etekinen bat atera ahal badiogu ere, gure ikuspegia jakina eta publikoa da. Kontziente izanik gaurkoan galderak zuek guri egitekoak zaretela, guk ezinbestean egin beharreko galdera bat dugu, erdigunekoa den galdera: zertarako hezkuntza lege bat?

Argi dago edozein legek bere eraginpean dauden pertsonen bizi baldintzen hobekuntza ekarri beharko lukeela, hori izan beharko litzateke helburua. Honako lege honek helburu hori badu guretzat tresna paregabea izan daiteke, baina Euskadin aspaldi jakina den arazo bat dugu hezkuntzan, herrien eta auzoen egunerokoa baldintzatzen duen errealitate bat eta modu gatazkatsuan bizi dena. Gatazka horren iturburua gizartea estratifikatzen duen hezkuntza politika da; beraz, birformulatuko dugu galdera: hezkuntza lege honek hezkuntza politika horrekin amaitzea du helburu? Esleituko al dio akordio honek Hezkuntzari eta dagokion Euskal Eskola Publikoari bere erdiguneko funtzioa gizarte kohesionatzaile gisa? edo egun dugun sistemaren biziraupena ziurtatzeko tresna bat besterik ez da izango?

Logikoa den bezala galderak ditugu gehien bat orain arte zertzeladak baino ez ditugulako jaso hezkuntza proiektu honen inguruan, gutxienez gobernuaren aldetik. Esan bezala, guri proposamena interesgarria iruditzen zaigu, eta borondatea badago hezkuntza lege batek aukera asko eskaini ahalko lizkiguke. Baina ez nahastu, ez digu hezkuntza sistema propio bat garatzeko balio izango, LOMLOEren pean garatuko den EAErako hezkuntza lege bat izanik, erlijioa eskaintzen jarraitu beharko da ikastetxean, ikasmateriala guztiak Madrilgo goi ikuskaritzak berrikusiko ditu, eta ikastetxe publiko zein pribatuetan curriculumaren markoa ere Espainiatik ezarriko da. Egia da legearen bitartez edo bestelako araudien bitartez, nahi izanez gero, badagoela gauzak hobetzeko eskumena. Hala ere, orain ere egon badaude inklusioaren, ekitatearen eta aukera berdintasunaren aldeko asmo onez betetako lege eta arauak baina inortxok ere betearazten ez dituena.

Beraz begira dezagun errealitatea hobetzeko zer proposatu den orain arte hezkuntza itun honen markoan. Zoritxarrez gutxi dugu idatziz proposamena bideratu duen gobernuaren aldetik, baina orain arte eremu informaletan esan direnen harira bi ideia nabarmentzen dira deszentralizazioa eta ikastetxeen autonomia.

Deszentralizazioa omen da erdiguneko gai bat udalen eta herri komunitatearen parte-hartzea indartuz, ideia paregabea dirudi. Udalek erantzukizun handia izan dezakete matrikulazio bulegoan, onarpen prozesuen iruzur eta irregulartasunak ekiditen, azpiegiturak indartzen, elkarbizitza sustatzeko eta kohesioa bultzatzeko sareak sortzeko, eskola komunitatea osatzeko, eskolaz kanpoko ekintza sare komuna sortuz, baita euskara bultzatzeko ere: aisialdian, kirol ekintzetan, produktu kulturaletan, euskararen ezagutza eta irakaskuntzaren eskaintzan… Beti ere, Hezkuntza sailak bere ardurak gainetik kendu gabe udalengan jartzeko.

Gakoa, zentzu honetan, zera da: nola deszentralizatu desarautu gabe? Askotan tankera honetako proposamenak onak eta aurrerakoiak badiruditen arren, horiek dakartzaten arriskuei begiratu behar diegu. Udalak kolore eta borondate politiko anitz dituzte baita gaitasun ekonomiko oso desberdinak ere; beraz, neurri honek hezkuntza sistema oraindik gehiago atomizatzeko arriskua dakar eta nabarmen gelditu da ikastetxeen arteko oreka maila dela konpondu beharreko arazoa.

Ikastetxeen autonomiaz ere hitz egin da, eta kontziente gara aurreko gaiarekin bezala onurak izan ditzakeela, hezkuntza proiektua gauzatzerakoan, esate baterako, tokian tokiko neurriak hartzea baliagarria dirudi, baina bere arriskuak ere baditu. Ikastetxeei autonomia ematea eta zuzendaritzen lidergoa indartzea azken finean logika gerentziala ikastetxean txertatzea bada eta honek nepotismo dinamikak bideratu ditzake beste lurraldeetan gertatu den bezala, orain arte hezkuntza publikoan egon den egitura demokratikoa deseginez.

Batek esan lezake aipaturiko arriskuak ekiditeko neurriak jarriko direla, baina bada egia egun arazo horiek konpontzeko arau eta neurriak egon badaudela eta hala ere ez direla betetzen, egiturazko aldaketa bat behar dugu ezinbestean. Beraz hona hemen gure ustez, hezkuntza lege honek egin ditzakeen ekarpenik garrantzitsuenak:

  • Zonalde bateko matrikulazioa sare publikoak bere gain har dezakeenean, beharrezkoak ez diren gelak edo ikastetxeak ez ituntzea arautu beharko luke.
  • Ikasle guztiek sare publikoko ikastetxeetan ikasteko aukera izan beharko lukete. Ondorioz, eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar litzateke udalerri eta auzo guztietan 0tik 18urtetara.
  • Matrikulaziorako Hezkuntza sailaren menpeko udal bulegoak behar dira, matrikulazioa ikastetxe pribatuetatik ateraz, prozesu ez gardenak saihesteko, informazio egokia emateko eta planifikaziotik kanpoko gaineskaintzek dakarten irregulartasunak saihesteko.
  • Bestetik azken urtetan bereziki indartu diren dinamika pribatizatzaileei buelta eman beharko lieke lege honek, bereziki haur hezkuntzako lehenengo zikloan eta lanbide heziketan. Diru publikoz hornitutako haur hezkuntzako lehenengo zikloaren eskaintza bakar eta publiko bat egituratzea premiazko kontua da. Lanbide heziketan ere eskaintza publiko eta euskaldunaren zabalkundea sustatu beharko luke hezkuntza lege batek.
  • Eta azkenik itundutako ikastetxe pribatuen langileen lanpostuak eta ikasleen ikaspostuak bermatuko lituzkeen publifikaziorako bidea ireki beharko luke. Egun bizi dugun eskaintzaren gehiegizko dibertsifikazioa bateratzen lagunduko lukeelako.

Eusko Jaurlaritzak dauka giltza, baina argi dago Euskal Hezkuntza Publikoaren aldeko apustu argia egin ezean, ez dela bake sozialik egongo, sistema honek sortzen dituen ondorioak modu gatazkatsuan bizi baitira gizarte honetan. Beraz, bada garai gobernu honek azkenaldian hainbeste aipatzen den bizitzaren zaintza erdigunean jarri dezan eta berea den ardura bete dezan, gu guztiona den esparru bakarra zerbitzu publikoa baita. Gobernu honi eta oposizioa osatzen duten alderdiei eskatzen diegu Euskal Eskola Publikoa indartu dezaten, denona eta denontzat den bakarra.

https://youtu.be/TvWngvzxQrY

 

 

https://youtu.be/j3JnFkulVvo