Hezkuntza sailaren aldetik lan hitzarmen berri batera iristeko presazko plangintza batekin hasi dugu ikasturtea. Izan baduten presa antzeman bai, baina akordio batera iristeko edukirik ez dugu ikusten sindikatutik.

STEILASen argi dugu EAEko Hezkuntza sistema baldintzatuko duen adostasunik egongo bada, hau ikasleen ongizate eta irakasleen baldintzen hobekuntzari lotuta dagoela, batak bestea gabe ez baitu etorkizunik.

Hori horrela, joan den ikasturtean 11 urte iraungitako lan hitzarmena berrizteko/ berriztatzeko negoziazioa hasi genuen. Orain arte esan dezakegu gobernuak ez duela zintzotasunez jokatu eta ez duela lan baldintzak hobetzeko asmo irmorik adierazi.

Bitartean Hezkuntza Sailak sindikatuekin negoziazioan zebilela adierazi du medio bat baino gehiagotan, errealitatea makilatuz eta benetako edukirik mahai gainean jarri gabe. STEILASen argi dugu Sailak hezkuntza publikoko irakasleekiko esker oneko hitzak izatea ez dela nahikoa, benetako esker-ematea, langileen lan eta bizi kalitatean eta hezkuntza publikoa indartzean aurrerapausoak ematea dela, eta oraingoz ez dago horren izpirik.

STEILASetik proposamen asko helarazi dizkiogu Sailari, hauen artean premiazkoa deritzogu pandemia garaian jaitsi ere egin ez diren ratioak jaistea. Jaitsiera honek eragina izango luke zalantzarik gabe Sailak hainbeste goraipatzen duen hezkuntza kalitatean.

Hezkuntza kalitatea eta baldintzak hobetzearren ere plantilak gazteberritzea ezinbestekoa da. Horretarako erretiro adina jaitsi behar da, gobernuak eskumena duen esparruetan erabakiak hartuz eta bitartean adinagatiko ordu lektiboen murrizketa erreal bat bideratuz. Badaude tresnak aspaldi murriztu zitzaizkigun lan baldintzak berreskuratzeko, besteak beste gure eros ahalmena eguneratzeko garaia da. Izan ere 2010 urtean soldataren %5 jaitsi zigutenetik gaur egunera, eros ahalmena %17 inguru jaitsi zaigu.

Laburbilduz, ratio, erretiro eta eros ahalmena berreskuratzeaz hitz egin egin behar dugu akordio batera iristeko. Bestela, akordiorik gabe, hitzarmen berria hankamotz jaioko litzateke.

Beraz, hezkuntza komunitateari jakinarazten diogu, baita Hezkuntza Sailari ere, arduratsu jokatuko dugula eta negoziazioari ekiteko gogotsu gaudela, baina ez gaitzatela nahastu denbora galtzeko edukirik gabeko bileretan. Ikastetxeentzat erabakiak hartzea premiazkoa da, eta gu horien alde borrokatzeko prest egongo gara, esan bezala hezkuntza sistemaren etorkizuna ikasleen ongizatean eta bertako langileen baldintzei lotuta dagoelako.

Euskal Herria 2021eko azaroaren 22an