STEILAS sindikatuak azken urteetan egindako ikerketaren emaitzen berri emateko prentsaurrekoa egin dugu urtarrilaren 18an Bilbon. Horretarako, “Hezkuntza ez dago salgai” izeneko txostena aurkeztu dugu.

Txostenean erraz ikus daitezke ondorengo datuak:

– Gaur egun, EAEn dugun hezkuntza sistema dualaren baitan ematen den ituntze politika unibertsala eta Hezkuntza Sailaren kontrol eza eta eskola publikoarekiko duen utzikeria.
– Ikastetxe pribatu askok dekretuen asmoen kontra egindako azpijoko, irregulartasun eta arau-hausteek eragin duten hezkuntza panorama desorekatua.
– Hezkuntza eskaintzari erreparatuz, ikerketak argi erakusten du Hezkuntza Sailak ikastetxe pribatuekiko duen aldeko tratua eta konplizitatea, eskola publikoa ikastetxe horien subsidiario bihurtzeraino.

Horrek guztiak poliki-poliki bezero logikan oinarritutako hezkuntza sistemaren neurriz gabeko pribatizazioa eragiten du eta gizarte kohesioaren kontra doan eskola segregazioa eta gizartearen estratifikazioa bultzatzen ditu.

Txostenak honako atalak biltzen ditu:

– Baimen administratiboa, planifikazioa eta itunaren arteko lotura.
– Prozeduran topatutako irregulartasunak
– Itundutako ikastetxe pribatuen eskaintza puztua eta momentu honetan dagoen linbo juridikoak dakarren arriskua
– Haur eskolen pribatizazioa

Urtarrilak 12an, Gipuzkoako Ikasleen Onarpenerako Berme batzordean jakin genuen urte betez luzatuko direla gaur egun dauden hezkuntza eskaintzak EAEko hiru lurraldeetan. Kontuan izanda aurten itundutako ikastetxe pribatuen 2022-28 seiurteko eskaintza finkatzen dela, txostenean azaltzen dugun gaineskaintza betikotzeko arriskuaren susmoa egi bihurtu zaigu. Izan ere, aurrematrikulazio prozesu honi ekin zaio eskola-segregazioari aurre egiteko inolako neurri zuzentzailerik gabe, eta jaiotza-tasaren beherakada kontuan hartu gabe.

Gogoan izan atzo bertan, urtarrilaren 17an, EAEko haur eta lehen hezkuntzarako ikastetxeak aukeratzeko onarpen prozesua ireki zela. Matrikulazio hauek berebiziko garrantzia dute eta ikastetxe pribatuen eskaintza puztu honek itundutako ikastetxe pribatuei publikoekiko abantaila ematen die.

Azaldutako horren guztiaren aurrean Hezkuntza sailaren jarrera irmoki salatu nahi dugu, hitz politez eta asmo onez betetako diskurtsoak jasotzen dituzten arau eta txostenez gain ez duelako borondate politikorik erakusten praktikan. Horrez gain, gaur egun Hezkuntza Ituna arautzen duen dekretua behin eta berriro urratzen du. Eusko Jaurlaritza eskola publikoaren administrari eta arduradun zuzena izanik, eskola publikoa kudeatu besterik ez du egiten. Ez du zaintzen ezta lehenesten ere, nahiago du egun dugun sistema dual segregatzailea mantendu, eta eskola publikoko eragileekin bildu eta eskola-plangintza diseinatu beharrean, sare pribatuko patronalen interesei men egin.

Orain arte aplikatutako hezkuntza politikek badakigu nora ekarri gaituzten, merkatu logikaren menpe dagoen hezkuntza sistema dual polarizatu eta segregatzaile batetara.

Testuinguru honetan, oraintxe hezkuntza sistema birplanteatzeko aukera ireki omen da. Hezkuntza Akordioa erdietsi nahi da eta horretarako legebiltzarretik ponentzia bat bideratzen dabiltza, erabakiak hartzeko momentua da, zeren alde egingo du Hezkuntza Sailak?
Sinatuko duten balizko akordioak oinarri sendoak jarri beharko lituzke hezkuntza publikoaren alde.

Gure proposamenak argiak dira, STEILAS sindikatua hezkuntza sistema publikoa indartu eta horretarako sare publiko bakarrerantz pausoak ematearen aldekoa da. Epe ertain batean sare publikoa nabarmen nagusia izan beharko luke. Hezkuntza pribatua mugatu eta euren itunak gizarte-logika bati erantzuten ez badiete bertan behera utzi. Hein berean itundutako ikastetxe pribatuen Eusko Jaurlaritzaren titulartasuneko sarean integratuz joateko haien publifikazioa ahalbidetuko lukeen legezko markoa aldarrikatzen dugu.