Atzo arratsaldean, kudeaketa buruak, Bego Barrancok, haurreskoletara bidali zuen jakinarazpenari buruz STEILAS sindikatuak desegokia dela eta eskubide urraketak ahalbideratzen dituela esan behar du.


Enpresak alde bakarrez hartu duen erabakiak ordezkoen araudia urratzen du.
Ordezkoek ez dituzte lan eskaintza guztiak jasoko
goizeko 9:30etan, soilik egun horretan hasteko ordezkapenak eskainiko dizkietelako eta ondorioz hurrengo egunetik aurrera aurreikusiak dauden ordezkapen edo lan metaketak ezin izango dituzte aukeratu. Gainera, ez dute ordezkapen horri uko egiteko aukerarik izango goizeko 9:30etatik aurrera eskainiko baitira.

Horrez gain, lan eskaintzak banatzerakoan sortzen diren gorabeherak aspaldi mahai gainean jarri genuen arazo baten ondorio dira. Enpresaren kudeaketak dituen beharren eta hutsuneena, alegia. Baina horiek ezin dira kudeatu langileen eskubideak urratuz. Horregatik, beste behin ere, Ordezkagune plataformaren erabilera Haurreskolak Partzuergoan ere ahalbidetzea eta martxan jartzea eskatzen dugu. Aplikatiboaren bitartez lanerako prest daudenak parte hartuko luketelako eta kudeaketa langileak ez liratekeelako hautagaien bila ibili beharko.


Bestalde, STEILAS sindikatuak joan den astean enpresari egindako eskaerak erantzun gabe jarraitzen du. Hau da, Osakidetzako lehen mailako zerbitzuak gainezka egin duenez eta gaixotzen garenean bajak eskatzeko ohiko bideak aldatu direnez, behar-beharrezkoa da hezitzaile guztiek jakitea zeintzuk diren eman beharreko urratsak Osakidetzako erantzuna jaso bitartean, enpresari bere egoeraren berri komunikatzeko eta ordezkapena lehenbailehen betetzeko.


Beraz, enpresari eta kudeaketa buruari eskatzen diegu langile guztiak berdintasunean tratatzeko araudiak errespetatzea, hauek urratu gabe, jarraitu beharreko urratsak argitzea eta gure eskaerak kontutan hartzea.

Euskal herrian, 2022ko urtarrilaren 18an.