Eusko Jaurlaritzak, HEZKOOP 2021 diru-laguntzen programaren bidez, milioi askoko partidak eman ditu berriro ere kooperatiba edo fundazio gisako titulartasuna duen itunpeko hezkuntza-sare pribatua finantzatzeko. Laguntza horiek, besteak beste, kongregazio erlijiosoetako higiezinen erosketa funts publikoekin finantzatzera bideratuko dira. Obra horiek ez dute inolako eraginik hezkuntza-proiektuen kalitatean, eta, kasu askotan, diru-laguntza horiek bezeroak erakartzeko asmoa duen merkatuko logika bati erantzuten diote, euskal hezkuntza-sistemaren benetako beharrizan bati baino gehiago.

Bereziki eskandalagarriak dira Gasteizko Urkide Kooperatibaren eta Trokonizeko Geroa Waldorf eskolaren kasuak. Lehenengoan ia 4 milioi euro erabiliko dira funts publikoetatik, Ursulina mojen eraikina jabetzan erosteko; bigarrenean, ia milioi bat euro lurrak erosteko. Baina beste adibide larriak ere badaude, hala nola, Olabide Ikastolako sarreran kristalezko trenkada mugikorrak jartzeko edo Artxandako Trueba Ikastetxeko igerilekua konpontzeko diru partidak.

Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak itunpeko sare pribatuarekiko konplizitatea erakutsi du, kasu gehienetan beharrezkoak ez diren eta sare publikoarekiko are abantaila handiagoa ematen dioten azpiegiturak diruz lagunduz, eta horrek guztiak hezkuntza-sisteman dituen ondorioak kontuan hartu gabe.

Eusko Jaurlaritzari horrelako laguntzetan atzera egin dezala eta baliabideak gizarte-kohesioa nahiz aukera-berdintasuna bermatuko duen hezkuntza-sistema indartzera bidera ditzala exijitzen diogu.