INDARGABETU DADIN ETA LAN-HARREMANETARAKO EUSKAL EREMU BATEN ALDE!
STEILASetik HEZKUNTZAKO LANGILEEI MOBILIZATZEKO DEI EGITEN DIEGU!
Estatuko Gobernuak ez du bere hitza bete, ez baitu 2012an Alderdi Popularrak aldebakarrez inposatutako lan erreforma indargabetu. Agindutakoa ez bete eta dirudienez otsailaren 3an bozkatzera eramango du CEOE, CCOO eta UGTrekin adostutako lan erreforma moldatuko duen dekretuaren konbalidazioa.
Bereziki larria da negoziazio kolektiboan estatuko marko inposatzailea mantentzea. Euskal Herrian gure lan baldintzetarako negoziazio marko propio bat behar dugu, kanpo injerentziarik gabe. Euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, ez Madrilen.
Ustez progresista den Espainiako Gobernuak ez die 2012ko lan erreformaren elementu kaltegarrienei buelta eman eta erreforma haren hezurdura mantentzen du. CEOErekin akordio bat hobetsi du langile klasearekin hartutako konpromisoa bete beharrean.
Euskal Herriko Hezkuntzako langile batzuei, hala nola Haurreskolak Partzuergoko eta unibertsitateko AZPko langileei , eta bereziki, Administraziopean ez dauden langileen bizitza hainbeste baldintzatuko duen dekretuaren hainbat elementuk kezkatzen gaituzte:
– Hasteko, Hezkuntzako sektore desberdinetako lan hitzarmenen lehentasunaren inguruko tranpa salatu behar dugu. Enpresako lan-hitzarmenen gainetik sektoreko lan hitzarmenak bere osotasunean nahitaez bete beharrekoak izatea eskatzen dugu, elementu guztietan, ez bakarrik lansarietan.
– Era berean, langileen kaleratze prozedurak eta kalteordainak ez dituzte aldatu. 2012an kaleratze objektiborako kausak izugarri lausotu ziren eta kaleratzea nabarmenki merketu zen. Horrek guztiak bere horretan jarraitzen du. Kaleratze erraza langileentzako prekarizazio eta ziurgabetasuna eragiteko tresna da.
– Horrekin batera, erreformak ez du bermatzen azpikontratetako langileak enpresa nagusikoek dituzten eskubide berberak izatea. Hau da, gehienetan prekarizatuenek eta feminizatuak diren lanak, gure ikastetxeetan garbitzaileak edo sukaldariak gorpuzten dituzten lanpostuak ez dituzte lan beragatik eskubide berberak izango.
Lan erreforma hau oso larria da. Hobekuntza txiki batzuen truke 2012ko lan erreforma zurituko lukeen lan erreformaren dekretuaren konbalidazioa bozkatuko da Kongresuan, hemendik aurrera sakoneko aldaketak egiteko aukerari muzin eginez.
Hau horrela, batetik igande honetan, urtarrilaren 30ean, gauzatuko diren manifestazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Bestetik, hau ez denez Hezkuntzako langileok geldirik egoteko unea erreformaren bozketaren bezperan, otsailaren 2an, Euskal Herriko Hezkuntza arloko lan zentro guztien aurrean atsedenaldietan elkarretaratzeak egitera dei egiten dizuegu STEILASetik lan-erreforma honi EZ esateko, indargabetu dadin eta lan-harremanetarako euskal eremua exijitzeko!
Leave A Comment