Iristear omen dago EAEko alderdi politiko nagusien artean hitzartuko den Hezkuntzaren inguruko Akordioa, ondoren Hezkuntza Lege berri baten oinarria izango dena. Orain arte egin den prozesuan, aditu gehienek azpimarratu dute gure hezkuntza-sistemaren ekitate eza. Segregazioa da nagusi hezkuntza sistema osoan: segregazio ekonomikoa eta soziala.

Eskola-segregazioak lotura zuzena du sare pribatu-kontzertatuak EAEn duen pisuarekin: irakaskuntza pribatu-kontzertatua handitu ahala, eskola-segregazioa areagotu egiten baita. Bi sare egoteak, berez, segregazioa sortzen du. Orain arte sare publikoan soilik ezarritako neurri apurrek ez dute aldaketa garrantzitsurik ekarri, arazoa egiturazkoa delako, sustatzen diren hezkuntza-politika pribatizatzaileen emaitza, alegia. Hezkuntza-sistema osoaren arazoa da, ez bakarrik sare batena, eta ezin da diruarekin bakarrik konpondu. Bestelako planifikazioa, zonifikazioa, finantzazioa… behar dira.

EAEko alderdi politikoek egin nahi duten Hezkuntza Legeak konponduko al du egoera hau edo betiko politikekin jarraitzeko eta sistema desorekatu eta diskriminatzaileari eusteko egokitu nahi dute marko juridikoa?

Kezkatuta gaude ez dugulako borondaterik ikusten indar politiko gehienen aldetik, aipatu duguna konpontzeko. Horregatik, ”Euskal Eskola Publikoaz Harro” Topagunearentzat Hezkuntza Akordio batek eta geroko Lege berriak jaso beharko lituzkeen konpromisoak eta zeharkatu beharko ez lituzkeen mugak plazaratu nahi ditugu:

1. Ezin da onartu eskola publikoa sistemaren erdigunean jartzen ez duen akordiorik.

Eskola publikoa da hezkuntzan dugun zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala, denona eta denontzakoa, euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskalduntzen duena. Eskola publikoa lehenestea merkeagoa da, ekologikoagoa eta tokiko auzo eta komunitateen kohesioa areagotzen du.

Ondorioz, ez da onargarria izango eskola publikoa eta pribatua parekatzen duen akordiorik edo legerik. Eskola bakarraren alde egin beharko luke Hezkuntza Lege berriak eta araudi adostua sortu, bokazio publikoa duten ikastetxeak publifikatzeko aukera izan dezaten.

Hala, eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar du:

Lege berriak eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar du 0tik 18 urtera, udalerri eta auzo guztietan.

Lege berriak hezkuntza pribatu-itunduari mugak jarri behar dizkio: eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean, ez dira lerro pribatu-itunduak irekiko.

Lege berriak Haurreskolak-Partzuergoa doako zerbitzu publiko unibertsal bezala egonkortu behar du, 0-3 ziklo publikoa ziurtatzeko, ikastetxe pribatu-itunduei ematen zaizkien 0-2 zikloko diru-laguntzak kenduz.

Lege berriak inbertsio-plan berezia aurreikusi behar du eskola publikoen instalazio, azpiegitura eta ekipamendu onenekin hornitzeko.

2. Ezin da onartu egun ikastetxe pribatuek duten finantzaketa egonkortuko edo handitu nahi duen akordiorik.

Sare pribatu-itundua finantzazio publikoaz baliatzen da zerbitzu hobeak eskaintzeko, horren adibide da duela egun batzuk argitaratu den Hezkoopk-21 deialdia. Diskriminazioa eta segregazioa sortzen duten ikastetxeak finantzatzen ari gara. Kontzertazio unibertsalarekin bukatu behar du Lege berriak, eta sare pribatuaren egungo finantzaketa-eredua eztabaidan ipini, hezkuntza-ekitatea zein gizarte-kohesioari erantzuten ez dieten proiektu pribatuak finantzatzeari utziz. Zergatik finantzatu guztion diruarekin guztiontzat ez diren ikastetxeak?

3. Ezin da onartu segregazioari modu tinko eta eraginkor batean helduko ez dion akordiorik.

Segregazioa ekidin eta gizarte-kohesioa bermatuko duten politikak, planifikazioa eta matrikulazio prozesu gardenak eskatzen ditugu. Segregazioaren lehenengo urratsa, amaitu berri den aurre matrikula aldian sortzen da. Lege berriak oraingo araudia goitik behera aldatu beharko du ikasleen matrikulazio orekatua ziurtatzeko. Hezkuntza merkatu-antzeko sistematik atera behar da eta ikastetxe guztien kalitatea bermatu, ikasle guztiek aukera eta eskubide berdinak izan ditzaten.

4. Ezin da onartu euskalduntzen ez duten eta, beraz, ikasleak diskriminatzen dituzten hizkuntza-ereduak diru publikoz finantzatzea ahalbideratuko duen akordiorik.

Euskara ikastea haur guztien eskubidea da, eta hori bermatzea guztion erantzukizuna da, Administraziotik hasita. Euskararik gabe, ez dago integraziorik, eta integraziorik gabe orduan eta aukera gutxiago euskara normalizatzeko. Eskola publikoa indartzeak euskara indartzea dakar, sare publikoa baita ikasle gehien euskaldundu dituen eta euskalduntzen jarraitzen duen sarea.

LABURTUZ

Gizarte gisa, ezin dugu gaur egungo sistema duala legitimatuko duen lege bat onartu. Lege berri bat egitekotan, eskola publikoa sistemaren erdigunean kokatu behar du, bere ardatz egituratzaile gisa. Egoera horretan soilik garatu ahal izango dituzte hezkuntza-sistemako ikasle guztiek beren bizikidetza-gaitasunak. Badakigu gaur egun gizarteratze hori ez dela gertatzen ari ez ISEK baxua duten familien indize altua duten eskoletan, ez eta, diru publikoarekin finantzatuta, maila sozioekonomiko ertain-altuko haurrentzat bakarrik irekita daudenetan ere. Eta denok galtzen ari garela horrekin, gure gizartearen oraingo eta etorkizuneko ongizatea kolokan jarriz eta gizarte haustura sortuz. Herriaren kohesioaren etorkizuna dago jokoan.

Bukatzeko, Jaurlaritzak dioen bezala, datozen 30 urteetarako hezkuntza sistema Lege berri honen bidez arautuko bada, alderdi politikoen arteko akordioa beharrezkoa da, bai, baina hori bezain garrantzitsua da hezkuntza eragileekin eta, batez ere, eskola publikoko komunitatearekin adostasunak bilatzea, eta hori ez da egin. Itunpeko sarearekin negoziatzen dabil soilik Hezkuntza saila. Hau aldatu ezean, salaketara eta mobilizazioetara jotzea baino ez zaigula geratzen ikusten dugu.

Hau da Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik, balizko Hezkuntza Lege berriari exijitzen dioguna: denona eta denontzat den eskola publikoaren aldeko legea izan dadila, egun dugun eskola-segregazioarekin eta gizarte hausturarekin bukatuko dugun legea, euskara ardatz izango duen kalitatezko hezkuntza-eredua eskainiko diena herritar guztiei.

 

Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Zabaleko bizirik Amurrioko, Donostialdeako, Lasarte-Oriako plataformak; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO, ESK, CNT

2022ko otsailak 3