“Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra” lelopean, Martxoaren 8ko mobilizazioak aurkeztu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak Iruñean.
STEILAS sindikatuak bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin. Herri zein eskualdeetan mobilizazioak antolatuko dituzte. Horrez gain, hiriburuetan elkartzeko deia egin dute:
- Baionan: 18:00etan Merkatu plazan.
- Bilbon: 19:30ean Jesusen Bihotzean.
- Donostian: 18:30ean Antiguako tunelean.
- Gasteizen: 19:00etan San Antonio plazan.
- Iruñean: 20:00etan Antoniuttin.
Gogoratu, Martxoaren 8aren harira lantzeko unitate didaktikoa osatu duela sindikatuko Idazkaritza Feministak: “Pobreziak emakume aurpegia du”. Pobreziak emakumeengan duen eraginean arreta jartzen duen lana da, eta eskola-porrotaren gizarte-bazterketaren eta haur pobreziaren arteko zuzeneko harremanari buruzko baliabide eta materialak jasotzen ditu.
Jarraian duzue Euskal Herriko Mugimendu Feministaren komunikatua:
Euskal Herriko Mugimendu Feminista
Iruñea, 2022ko otsailaren 24
Itzuli gara, nahiz eta sekula ez garen joan. Antolatu gara, sareak josi, herri eta auzoetako lanetara itzuli. Urte hauetan barre, negar, dantza egin dugu, baina gaur hemen gaude berriro ere, ZAPALTZEN GAITUEN SISTEMARI SUA, ANTOLAKUNTZA FEMINISTA GURE GARRA lelopean.
Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu. Jendartearen zati handienarentzat, eta bereziki emakumeontzat* kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu.
Den-dena erraustu nahi dugu, bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko. Horretarako, Feminismoa da bidea. Ezinbestekoa da antolatu gaitezen. Jendarteak indibidualismorantz bultzatzen bagaitu ere, guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, gutasunetik lan egitekoa, auzo eta herrietako asanbladetan, kolektiboetan, lantokietan, lagun zein auzolagunekin…
Heldu gaitezen batzuok besteongan, borroka dezagun batzuek besteengatik, ezagutarazi eta konpartitu ditzagun borrokak, zapalkuntzak, aldarrikapenak zein proposamenak, urtez urte erakutsi baitugu elkarrekin geldiezinak garela.
Iraultza feministak bizitza politizatzea eskatzen du, egunerokotasuna borroka eremu bihurtzea, gure gorputzak arautzen dituzten botereez kontziente izan eta errotik eraldatzeko prest egotea. Gatazka saihestezina da itotzen gaituen sistema honekin bukatzeko.
Ez ditugu mugak onartzen, ezta gorrotozko diskurtsoak edo xenofobia ere, ezta politika arrazistak… horregatik exijitzen dugu atzerritartasun legearen derogazioa, inor ez delako ilegala.
Bizitzak erdigunean jarri nahi ditugu, baina erdigune hori okupatzeko botere egitura eta harremanak eraldatu behar ditugu.
Etxeko eta zaintza lanak produktiboak eta politikoak dira, eta pandemia urte hauetan zehar agerian geratu den bezala, funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko. Egungo zaintza eredua emakumeon* gain-esplotazioan oinarritzen da, eta bereziki, emakume* migratuenean: aliantza heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista da. Bizitzan zehar zainduak izatea pertsona ororen eskubidea izan behar da. Bizitzaren sostengurako ardura kolektiboa eskatzen dugu, zaintzen antolaketa soziala politika publikoen zeharlerroa izan dadin eta ez daitezen emakumeon gain* erori,
merkantilizatu edo norberaren aukera ekonomikoen arabera utzi. Publikoa, doakoa eta integrala izango den zaintza sistema bat exijitzen dugu.
Enplegu duina exijitzen dugu soldata arrakalarekin bukatzeko, aldibaterakotasunarekin bukatzea. Kalitatezko pentsioak: ez dugu pentsio sistema publikoaren deuseztea onartuko.
Ezetz esaten diogu kapazitismoari, anitasuna funtzionala duten pertsonen aurkako diskriminazio forma bat baita: ezgaitasunen bat dugun pertsonok, bereziki emakumeok*, indarkeria espezifikoa pairatzen dugu, gure eskubideen urraketa sistematikoa eta lan merkatuan, instituzio publikoetan, baliabideen sarreran… erabateko diskriminazioa. Emakume* guztiontzako jendarte irisgarria exijitzen dugu.
Sistema honi su eman nahi diogu, nazkatuta gaudelako erailak, erasotuak… izateaz. Ezin dugu onartu emakume* bakar bat gehiago eraila izatea, emakumeon* gaineko indarkeriak jarraitzea. Instituzio publikoak ere indarkeria honen erantzule dira, ez baitituzte baliabide nahikoa jartzen ez arretan ezta prebentzioan ere, indarkeria haiek zuzenean eragiten ez dutenean, gure hitza auzitan jartzen dutenean, esaterako.
Gure kontra gorrotoz eta amorruz iraultzen den, askatasunaren esanahia hutsaldu duen eta feminismoa jopuntuan duen faxismoak tokirik ez duen jendarte bat eraiki nahi dugu.
Kapitalismo estraktibistarekin bukatuko duen jendartea eraiki nahi dugu, planetaren suntsiketa geldituko duen beste produkzio eta kontsumo eredu bat behar dugu eta.
Hori lortzeko antolatu behar gara. Gure feminismoa anitza eta emakume* guztioi irekia izan behar da, gure borroka eta antolakuntzan denok egon behar gara. Plazak, kalea, txokorik txikiena, borroka feministaz bete behar dugu, antolakuntza espazio guztiak feminismoz blaitu behar ditugu. Elkarrekin, indartsu eta batuta egon behar dugu hainbeste esfortzuri esker lortutako eskubide sozialen atzerapausoei aukerarik ez emateko.
Elkarrekin, indartsu eta batuta egon behar gara azkenaldian gora egiten ari diren diskurtso faxistei, misoginoei, homofoboei eta sexistei su eman eta argi eta ozen adierazteko aurrean izango gaituztela eta ez direlako pasako.
Guzti honengatik, aurten ere martxoaren 8an zentro eta periferia guztietan mobilizatuko gara. Baionan, elkarretaratzea 18.00etan izango da Merkatu plazan. Bilbon, 19.30etan hasiko da Jesusen Bihotzean. Donostian, Antiguako tunelean elkartuko gara 18.30etan. gasteizen manifestaldia 19.00etan abiatuko da San Anton plazatik eta Iruñean 20.00etan aterako gara Antoniuttitik. Hiriburuez gain, herri zein eskualdeetan hamaika mobilizazio antolatuko ditugu.
Lagunak, ahizpak, kideak, amak, amonak, auzokideak, izebak, lehengusinak, emakumeok* jar gaitezen martxan, olioztatu dezagun makineria, ez gaitezen egun solte honetan geratu, antolatu gaitezen dena aldatu eta kaleak betetzen jarraitzeko, denak aske izan arte.
ZAPALTZEN GAITUEN SISTEMARI SUA, ANTOLAKUNTZA FEMINISTA GURE GARRA.
GORA BORROKA FEMINISTA
Leave A Comment