Gure gizarteak merezi duen eta eskatzen ari den eskola publikoa defendatzeko beharrezkoak diren mobilizazioei ekingo diegu.

Hezkuntza itunari egin dizkiogun emendakinak aurkezteko prentsaurrekoa egin dugu martxoaren 2an Bilbon, prozesu hau benetan parte-hartzailea izango delakoan.

Argi dugu hezkuntza sistemak jauzi bat eman behar duela, baina Legebiltzarrean aurkeztu duten dokumentuak zehaztasun falta handia du. Ez dago, esate baterako, segregazioari aurre egiteko planifikazio estrategiko baten arrastorik. Gure helburua hori bideratzeko proposamenak egitea da.

Hortaz, prentsaurrekoan azaldu ditugu negoziatu eta zehazteko gogotsu gauden atalak, dokumentua jorratu dutenen helburua eskola publikoa lehenestea eta eskola segregazioarekin amaitzea balitz eta noizbait hezkuntza batzordeak gure iritziari eta guk ordezkatzen ditugun langileei zilegitasuna ematea erabakiko balu.

Euskal Eskola Publikoaren alde

STEILAS sindikatuaren helburua Euskal Eskola Publikoari dagokion erdiguneko tokia ematea da. Ez du inolako zentzurik publikotasunaren kontzeptua bihurritzea etekin desberdin bat emango duelakoan, ikastetxe itunduei besterik ez baitie egiten mesede.

Ez dira berdinak itundutako pribatuak hezkuntza ekoizteko dituen funtzio, abiapuntu-egoera, modu eta baldintzak, eta sare publikoak dituenak. Hezkuntzaren sistema duala gure gizartearen estratifikaziorako tresna da. Hezkuntza itun honek hori ulertu ezean, egun dugun arrakala soziala eta aukera desberdintasuna betikotzen jarraituko da. Horretarako ez da adostasunik behar.

Hori dela eta, aurkeztutako dokumentuan bildu ditugun sei gakoen artean, ondorengoak irakur daitezke: publifikazio progresibo baterako markoa osatzea eta ikastetxe pribatuen betebeharrak zehaztea.

Horrez gain, hezkuntzak gizarte kohesionatzaile gisa duen funtzioa erdigunean jarri behar dela uste dugu, baita ikastetxeen arteko lehiakortasuna saihestu ere.

Langileen lan-baldintzak indartzea eta euskararen murgiltze ereduan sakontzea dira zehaztu ditugun azken bi gakoak. Aurkeztu dugun dokumentua osorik irakurri daiteke ondorengo estekan: XXI. Mendeko hezkuntzarako oinarriak dokumentuari STEILASek eginiko emendakinak.

Hezkuntza-zerbitzu publiko indartsu eta erreferentzial bat izateko aukera baten aurrean gaude. Eta gobernuaren borondaterik eza eta oposizioaren ordura arteko sorgortasuna ikusita, STEILASetik jakinarazi nahi dugu gure gizarteak merezi duen eta eskatzen ari den eskola publikoa defendatzeko beharrezkoak diren mobilizazioei ekingo diegula.

 

Gaiari lotuta: 

Hezkuntza itunak dakartzan ondorioak larriak dira, adi mobilizazioetara!

Programa-kontratuak: lortutako emaitzetan oinarritutako zuzkidura

Hezkuntza itunaren oinarrietan aurrerapausorik ez

EAEko Hezkuntza-itunaren ponentziaren lehen balorazioa egin dugu