Kongresuko ponentziaren gaineko informazioa emateaz gain, hizlari bi izan dira Kataluniako hezkuntza sistemaren inguruko azalpenak ematen.
STEILAS sindikatuak 2021-2022 ikasturteko hirugarren Kontseilu Nazionala gauzatu du gaur ,martxoak 12, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia faktultatean (Donostia).
Goizeko lehenengo partean, maiatzean ospatuko dugun kongresura begirako zenbait azalpen eman ditugu, eta ponentziaren pozesuaren nondik norakoak ezagutu dituzte kontseilukideek. Izan ere, ponentzia eztabaida prozesuan dago momentu honetan, afiliatuek egindiko emendakinak lantzen baikabiltza.
Horren ostean, Kataluniako hezkuntza sistemaren inguruko azalpen eta zehaztapenak eman dituzte David Caño (USTEC-STES), eta Lidon Gassul (aFFaC) hizlariek. Beraien esperientziak garrantzi berezia du EAEko hezkuntza legea idazten hasiko diren une honetan.
USTEC-STES sindikatutik azaldu dutenez, Kataluniako alderdien gehiengoak bultzatutako lege neoliberala izan zen “Pacto Nacional por la Educación” deiturikoa, ezkerreko alderdiek aurrera eraman zuena. USTEC-STES, aldiz, kanpo gelditu zen, hezkuntza komunitatea ere kontran baitzuen legeak. Diotenez, ikastetxeen autonomia, munizipalismoa eta hezkuntza zerbitzuaren aplikazioak “konpetibitatea eta eredu gerentziala” ekarri dute ikastetxeetan.
aFFaC-ek azaldu duenaren arabera, Kataluniako legeak ez du desberdindu titularitatean, publikoa eta kontzertatu-pribatua berdindu baititu. Hezkuntzako Zerbitzu Publikoa izatetik Hezkuntzako Zerbitzu izatera pasa zen, eta ondorioa “gizarte segregatua eta hezkuntza sistema polarizatua” da.
Hitzaldiekin amaituta, elkarretaratzea egin dugu “Etorkizuna hezkuntza publikoa da” lelopean, hezkuntza publikoaren alde borrokan jarraituko dugula adierazteko.
Leave A Comment