Hezkuntza akordioaren zirriborroarekiko gure desadostasuna azaltzeko bildu gara gaur CCOO, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuok.

Datozen mobilizazioak iragarri ditugu:

– Martxoaren 18an elkarretaratzea, 10:30ean Legebiltzarraren aurrean.
– Martxoaren 25ean Greba: manifestazioa Bilbon, 11:30ean Arriagatik hasita.
– Martxoaren 28an elkarretaratzea, 10:30ean Legebiltzarraren aurrean.

Horrez gain, hezkuntza legea eraginkorra izan dadin jaso beharko lituzken edukiak azaldu ditugu. Hementxe testu osoa:

 

PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA HELBURU

Hezkuntza legea langileokin eraiki

Gaur, hemen, bildu garen sindikatuak, ELA, LAB, STEILAS eta CCOO, hezkuntza akordioaren zirriborroarekiko gure desadostasuna azaldu eta prozesu honetan eragitera etorri gara. Gure aldarrikapenak eta ondorioz, guk ordezkatzen ditugun langileak, aintzat hartzea eskatzen dugu. Hori horrela, guretzat hezkuntza legea eraginkorra izan dadin jaso beharko lituzkeen edukiak jarraian zerrendatzen ditugu:

Aldarrikapenak

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza lege bat nahi dugu. Egungo hezkuntza-sistema duala gainditu behar da eta Euskal hezkuntza-sistema publiko baterako bidea sustatu. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz gisa kokatu behar da. Hezkuntza-sistemarako publifikazio-marko orokor eta adostu bat ezarri behar da, bertako langileen eta ikasleen eskubideak bermatuz, baita langileen parte hartzea eta adostasuna prozesuan zehar ere.

2.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu. Horretarako EAEko Hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratu eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotu beharko litzateke.

3.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza lege bat nahi dugu. Hezkuntzan inbertsioa handitzea aurreikusi behar da, Europako bataz bestekoa erreferentzia gisa hartuz eta gutxienez BPGren %6ra bidea eginez. Ratioak jaitsiz, eta 0-18 urte tarteko hezkuntzaren doakotasuna bermatuz. Haur hezkuntzako 0-3 zikloak unibertsala, doakoa eta publikoa izan behar du, eta Hezkuntzan integratua egon behar du.

4.- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu. Segregazioari aurre egiteko neurri sorta urgentziaz onartu behar da, besteak beste, matrikulazio prozesu gardenak, irregulartasunik gabekoak eta ikasleak ez-segregatzeko helburua luketen administrazioaren menpeko matrikulazio bulego publiko eta bakarra ezartzeaz ari gara, eskualde, herri eta hiri guztietan.

5.- Euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen Hezkuntza legea nahi dugu. Hezkuntza-sistemaren oinarri gisa honako hauek ezarri behar dira: euskal curriculuma; hezkidetza; laikotasuna; ekitatea; inklusioa; pentsamendu kritikoa; eta parte hartzea. Horrez gain, euskararen murgiltze eta mantentze eredu orokortua, ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko diena eta ikastetxe bakoitzaren ingurune soziolinguistikoaren arabera egokiturikoa, tokian-toki euskara indartzea eta ikasle euskaldun-eleanitzak heztea helburu izanik. Oinarri hauek bete beharko dituzte diru publikoa jasotzen duten eskola guztiek, ituntze-sistema unibertsalarekin bukatuz. Diru publikoaren parte-hartze eta kontrol publikorako mekanismoak lehentasunez ezarri behar dira, auditoria eta ikuskaritzen bitartez.

6.-Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu. Hezkuntzako langileon lanpostuak mantendu, prestakuntza eta lan-baldintza egokiak ezarri behar dira; publikoan langileen egonkortasun eta kontsolidaziorako prozesuak eginez eta itunduetako langileen lan-baldintzak parekatzeko homologazioa. Langileen sarbideari dagokionez, aukera berdintasuna, meritu eta gaitasunen araberako sarbidea ere bermatu behar da, aurretiaz sindikatuekin adostua.

7.-Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu. Azpikontratazio eta pribatizazio prozesuekin bukatu behar da. Hala, eskola publikoetan nola itunduetan azpikontratazioa mugatu (jangela, garbiketa, eskolaz kanpokoak…), eta botere-korporatibo digitalei mugak ezarri behar zaizkie (datuen erabilera debekatuz zein software propioa sustatuz). 

8.- Hezkuntza lege parte hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena. Gizartearen eta Hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatu behar da, langileona barne, baita Hezkuntza legearen eraikuntzan bertan ere.

Horregatik guztiagatik, eta hezkuntzako langileok gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako, antolatu ditugun ondorengo mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Mobilizazioak PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA lelopean deituko ditugu, “Hezkuntza legea langileokin eraiki”.

Mobilizazio egutegia:

– Martxoak 18 elkarretaratzea, 10:30ean Legebiltzarraren aurrean
– Martxoak 25 Greba: manifestazioa Bilbon, 11:30ean Arriagatik hasita
– Martxoak 28 elkarretaratzea, 10:30ean Legebiltzarraren aurrean

Euskal Herrian, 2022ko martxoaren 15ean

Gaiari lotuta: 

EAEko hezkuntza itunari egin dizkiogun emendakinak aurkeztu ditugu

Hezkuntza itunak dakartzan ondorioak larriak dira, adi mobilizazioetara!

Programa-kontratuak: lortutako emaitzetan oinarritutako zuzkidura

Hezkuntza itunaren oinarrietan aurrerapausorik ez

EAEko Hezkuntza-itunaren ponentziaren lehen balorazioa egin dugu