Gaur aurkeztu dugu gure azken lana: “Jatorri migratzailea duten ikasleen eskola segregazioa Gasteizen”. Azterlan honen helburua jatorri migratzailea duten Gasteizko ikasle migratzaileen egoera aztertzea da, baita gure hezkuntza-sistemak aukera-berdintasunaren printzipioa oinarri duen ala ez egiaztatzea ere. Lanketa hau, STEILAS sindikatua eta IKUSBIDEren artean eraman dugu aurrera.

Azterketa enpiriko hori egiteko, inkesta bat egin eta Gasteizen DBHko 4. maila ikasten ari diren publikako ikasleen % 65,4ri pasatu zaio. Hala ere, gure hiriak dituen ezaugarriengatik, ateratako ondorioak erraz estrapolatu daitezke autonomia-erkidegoko gainerako lurraldeetara. Gaurtik aurrera, gure lan zabala Interneten egongo da eskuragarri, bi bertsiotan: txosten osoa eta bere laburpena.

Jarraian, lortutako datuen azterketa eta interpretazioetik ateratako ondorioetako batzuk deskribatuko ditugu.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoak, oro har, eta Gasteizek bereziki, estatuko eskola-segregazioaren indizerik altuenetakoa du. Era berean, Europako indizerik altuenetakoa ere eskola pribatu eta kontzeratuetan. Bi fenomeno horiek, segregazioa eta eskola pribatu-itundua, oso lotuta daude. Estatuko bigarrena da Madrilen atzetik (Ferrer eta Gortatzar, 2021)
  2. Segregatutako ikastetxeetan ikasleen % 83,8 migratzaileak dira, eta mota horretako zentroetan biltzen dira pobrezia-egoeran dauden ikasle gehien.
  3. Segregatu gabeko ikastetxeetako ikasleen ia % 60k emaitza akademikoak ontzat edo oso ontzat jotzen du, eta segregatutako ikastetxeen kasuan, ehuneko hori hogei puntu jaisten da. Segregatu gabeetan, % 15,9k ikasturteren bat errepikatu du eta ikasgaien zama darama; segregatuetan, berriz, % 33,3k, hau da, herenak.
  4. Jatorri migratzailea duten ikasleen % 60, segregatu gabeko ikastetxeetan, Euskal Herritar eta espainiar gisa identifikatzen da. Segregatutako zentroetan 16 puntu jaisten da identifikazioa.
  5. Segregatutako zentruetan, gazteen % 60 ez da gasteiztar sentitzen, segregatu gabeko zentroetan baino bi aldiz gehiago.
  6. Eskola segregatuetako jatorri migratzaileko ikasle % 10ek nekez bizi du euskara berezko zerbait bezala. Segregatu gabeko zentroetan, ostera, migratzaileak diren gazteen erdiek baino gehiagok euskara berezko gauzatzat hartzen dute.
  7. Etorkizunerako itxaropenei dagokionez, segregatu gabeko zentroetan gehienek ikasketekin jarraitu nahi dute eta unibertsitatean sartu ( % 61,5), aldiz, segregatutako zentroetan ikasten dutenen artean ehunekoa % 45,6ra jaisten da. Bestalde, lanbide-heziketan sartzeko ikasten jarraitzeko joera handiagoa da segregatutakoen artean. Ikasketak uzteko borondatea nahiko txikia da, baina maizago gertatzen da segregatutako ikastetxeetan.
  8. Neskek, mutilek baino proportzio handiagoan, arrazagatiko bazterketa egoerak eta jarrerak bizi izan dituzte.
  9. Segregatutako ikastetxeen existentziaren inguruko zergatiari erantzutean, neskek mutilek baino askoz ere proportzio haundiagoan erantzun dute diskriminazioa beren burua migratzailetzat jotzen ez dutenengandik datorrela.

Lortutako datuekin agerian geratzen da jatorri-desberdintasuna duten ikasleen bizitza pertsonala, eskolakoa eta soziala baldintzatzen dutela. Argi geratu da eskola-segregazioak eskubideak eta aukerak urratzen dituela. Beraz, esan dezakegu gure eskola-sistema ez dela oinarritzen aukera-berdintasunaren printzipioan.

Amaitzeko, hainbat alderdi politikok egunotan negoziatu duten hezkuntza-akordioa aipatu nahi dugu, EAEko etorkizuneko hezkuntza-lege bati sostengua emateko. STEILASen ustez, premiazkoa da lege horrek aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa bermatzea, eskola segregazioa errotik geldiaraztea eta beharrezko neurri zuzentzaileak ezartzea. Alderdi politikoak gonbidatzen ditugu gure txostena irakur dezaten, eta eskola segregazioa modu esplizituan debeka dezaten, bereizketa hori oinarrizko eskubideen urratze gisa eta zapalkuntza eta diskriminazio mekanismo gisa ulertuta.