Lanuzteaz gain, elkarretaratzeak egingo ditugu Eusko Legebiltzar aurrean eta EAEko hiri, herri eta auzoetako ikastetxeetan.

Jakina den bezala, orain arte publiko egin baitugu, ez dugu bat egiten Hezkuntza Ituna garatzeko gauzatzen ari den prozesuarekin, ezta gaur arte txertatu dituzten edukiekin ere. Horregatik, hainbat sindikatuk haien irakurketa kritikoa plazaratu bezain laster, gehiengo sindikala bilatu genuen eta, adostasunetara iristeko ahalegin asko egin ondoren, greba egun bat deitzea lortu genuen. Zoritxarrez eta gure nahiaren kontra, martxoaren 25erako deituriko greba horri aurre egiteko baldintzak ez ziren eman batasun sindikalaren markoan eta bertan behera utzi behar izan genuen.

Dena den, dagoeneko esan dugun bezala, argi dugu ez dela borroka eteteko momentua. Izan ere, greba deitzera eraman gintuzten arrazoiak berresten ditugu datorren apirilaren 7an Legebiltzarrean bozkatuko den euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarrien dokumentua aztertu ondoren. Hona hemen irakurketa horretatik ondorioztaturiko edukirik nabarmenenak:

1. Euskal Eskola Publikoaren Legetik, Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren legera pasatuko gara.
2. “Euskal Hezkuntza Zerbitzua” deiturikoa izango dugu hemendik aurrera, sistema publikoa eta pribatua parekatuko dira ikastetxe pribatuetako finantziazioa blindatu ahal izateko. Beraz, Hezkuntza publikoa ez da sistemaren ardatza izango.
3. Ez du publifikazio marko sendo baten alde egiten. Ezta ikastetxe publikoetako matrikulazioa bermatzeko neurririk jasotzen ere.
4. Segregatzailea den sistema duala normalizatu eta betikotzen du.
5. Ikasle askok bere sinesmen, jatorri edo egoera sozioekonomikoagatik jasaten duten bazterkeria gainditzeko neurri eraginkor berririk ez dute jaso.
6. Onarpen prozesu gardenak izateko eta doakotasuna eta laikotasuna bermatzeko neurri zuzentzaile guztiak gaurko legedian jasota daude, eta ez dira betearazten.
7. Ez dute Euskararen aldeko apustu irmorik egiten. Esleituko diren baliabideak aipatu ez eta ikastetxearen esku uzten da ardura. Ez da murgiltze eredurik aipatzen, ez dira ereduak gainditzen eta atzerriko hizkuntzei irekitzen die atea, euskararen kalterako.
8. Hezkuntza sistema propioan atzerapausoa da. Indarrean dagoen araudi estatala berresten baita.
9. Langileen lan-baldintzen aipamenik ez du egiten, nahiz eta dokumentuak eragin zuzena izango duen hauen gain, (kontratu programak, zuzendarien lidergoa, hezkuntza publikoaren aldeko apustu ezak suposatuko duen lanpostu galera…)
10. Haurreskolak Partzuergoa hezkuntza-sisteman txertatu eta hauek eskola mapan sartzeaz ez du hitz egiten.
11. Ez da jasotzen haur eskola pribatuen diru-laguntzak desagertuko diren ala ez.

Horregatik guztiagatik, hiru-lau orduko lanuztea deitu dugu Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko guztietan eta Haurreskolak Partzuegoan. Datorren apirilaren 7an egingo dugu, goizeko 7:30etik 11:00etara. Izan ere, egun horretan bertan bozkatuko dute Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdietsitako akordioa.

Lanuzteaz gain, elkarretaratzeak egingo ditugu egun berean, “Ez saldu Euskal Eskola Publikoa” lelopean. Nagusia 9:30ean izango da, Eusko Legebiltzar aurrean (Gasteizen). Besteak, EAEko ikastetxe eta haur-eskola guztien aurrean izango dira 10:30ean.

Ez dugu sistema segregatzaile honek sortzen dituen arazoak ustez konpontzera bideratuko den legerik nahi. Hauek sortzen ez dituen egitura irmo bat behar dugu, eta hori Euskal Eskola Publikoa da. Horregatik, orain inoiz baino gehiago STEILASetik Euskal Eskola Publikoa erdigunean jarriko duen hezkuntza lege baten alde borrokatzen jarraituko dugu! Soilik Euskal Eskola Publikoaren bitartez lor daiteken gizarte kohesioa dugulako helburu.

 

Gaiari lotuta: 

Publikoa, euskalduna eta propioa helburu: hezkuntza legea langileokin eraiki!

Martxoaren 25ean, greba hezkuntzan: Publikoa, euskalduna eta propioa helburu!

EAEko hezkuntza itunari egin dizkiogun emendakinak aurkeztu ditugu

Hezkuntza itunak dakartzan ondorioak larriak dira, adi mobilizazioetara!

Programa-kontratuak: lortutako emaitzetan oinarritutako zuzkidura

Hezkuntza itunaren oinarrietan aurrerapausorik ez

EAEko Hezkuntza-itunaren ponentziaren lehen balorazioa egin dugu