Apirilaren 7rako deitu dugun lanuzteak %100eko eragina izan du EAEko ikastetxe publiko eta Haurreskolak Partzuergoan.

STEILAS sindikatutik deitutako lanuztea nabaria izan da ikastetxe denetan, maila handiagoan edo txikiagoan. Besteak beste, langileek hainbestetan adierazi diguten haserrea eta desadostasuna azaltzeko aukera izan dutelako. 

Gaur bozkatuko dute Legebiltzarrean euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarrien dokumentua. EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdien adostasuna lortu du testuak. Baina, Euskal Eskola Publikoaren alde gauden hainbat sindikatu, eragile eta langile ez gaude inolaz ere ados bertan adierazi diren asmo eta erabakiekin.

Ehunka langilek egin dute lanuztea. Dena den, zenbakiak zenbaki, irakurketa kualitatiboa egitea ere beharrezkotzat jotzen dugu:

  • Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskoletako gerentziak ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu nahi ditugu, ez dutelako bertako langileen greba eskubidea bermatzen.

  • Irakaskuntza publikoan lanean ari garenok mobilizatu gara, gaur egun hezkuntzan ditugun arazo larrienak (segregazioa, esate baterako) betikotu eta areagotu egingo direlako. Hezkuntza itun honek ez du publifikazio prozesu sendo bat ezarriko. Ikastetxe pribatuen patronalentzako erreskate bat baino ez da, itundutako ikastetxeen biziraupena ziurtatzeko lege bat, alegia. Ez dugu hau esaten mesfidatiak garelako, Iñigo Urkulluk berak azaldu du: “Itunpeko ikastetxeen finantzazioa bermatuta dago datozen hamabi urteetarako”. Hezkuntza publikoaz, aldiz, ezer gutxi adierazi du lehendakariak.

  • Euskal Eskola Publikoaren alde mobilizatzen jarraituko dugula adierazi nahi dugu, ezartzera doazen lege honek ez baititu asebetetzen eskola publikoak dituen erronkak. Horretarako, Euskal Eskola Publikoaren defentsan borrokatu nahi duena izango dugu bidelagun.

  • Orain arte egin dugun bezala, mobilizatzen eta batasun sindikala bilatzen jarraituko dugu, gaur EAJk, PSEk, EH BILDUk eta PODEMOSek alde bozkatu duten Hezkuntza legearen oinarrien dokumentuak adierazten duen noranzko pribatizatzailea erabat aldatu arte.

Lanuzteaz gain, elkarretaratzea egin dugu 9:30ean Eusko Legebiltzar aurrean (Gasteizen), eta 10:30ean EAEko ikastetxeetan, “Ez saldu Euskal Eskola Publikoa” lelopean. Euskal Hezkuntza Legearen ibilbidea luzea izango dela argi dugu. Horregatik, ez gara geldirik egongo eta honen ibilbide eta norabidea ere arretaz jarraituko dugu.