Aurten ere, kalera aterako gara Langileen Nazioarteko Egunean, pertsonen bizitza estatuen interesen gainetik dagoela aldarrikatzeko. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egingo ditugu mobilizazioak, ondorengo argazkian ikus daiteke egitaraua:
Bi urtez pandemiari eta hura kudeatzeko hautatu den moduaren ondorio sozialei eta ekonomikoei eutsi ondoren, langile-klasea egoera berri batean dago, Ukrainako gerrak eta hark utziko dituen
ondorioek zeharo baldintzatuta. Krisi ekonomiko berri honetan, 2008ko leherketa finantzarioaren ostean bezalaxe, kapitalismoak agerian utzi du ez duela alternatiba baliozkorik. Next Generation funts sonatuen bidez, EBk merkatua milaka milioi euroz bete du, haren esanetan, ekonomia suspertzeko asmotan.
Ezein gobernu, ez EAEkoa, ez nafarra eta ez espainiarra, ez da gizarte justuago baten alde borrokan ari. Herritar zaurgarrienen oinarrizko beharrak asetzea ez da lehentasuna, haientzat. Aldiz, Estatua eta diru publikoa esku pribatuetan uztearen alde ari dira, lotsarik gabe, eta langileen errentak kapital handiaren enpresa- eta finantza-etekinetara bideratzen.
2021 amaieran, kontsumoko prezioek sekulako gorakada izan zuten, azken hamarkadetan ikusi gabekoa. Gu lasaitzen saiatu ziren, esanez gauzak bere onera itzuliko zirela, baina Ukrainako gerra hasteak berriz ere ekarri digu oinarrizko ondasunekin espekulatzea, eta kontsumoko prezioen gorakada ohitura bihurtzen ari da. Gobernuak, kapitalaren ordezkari, larrialdi galgari eragin beharrean, krisia sakontzen duten neurriak hartzen ari dira, bizitzaren prekaritatea eta herritar gehienen pobrezia areagotzen.
Errenten itunaren ordez, zerga-erreforma eta merkatuetan esku hartzea
Lan-erreformarekin gertatutakoak argi eta garbi uzten digu gobernua zein mugataraino heltzeko prest dagoen, patronalaren eta 1978tik erregimena eusten duen sindikalismoaren eskutik.
Espainiako Gobernua eta CCOOren eta UGTren sindikalismoa errenta-itun bat negoziatzeaz ari dira, inflazioa geldiaraztearen aitzakiapean. Langile-klaseak bere soldatak birbalioztatzeko borrokari uko egin diezaion nahi dute, promes hutsalen eta hitz onberen truke.
Ez da errenten itunez hitz egin behar, baizik eta zerga-erreformaz eta aberastasuna birbanatzeaz. Argindarraren edo gasolioaren ordainketa diruz lagundu beharrean, era ausartagoan hartu behar da esku merkatuetan eta enpresen etekinetan. Irauli egin behar dugu politika neoliberalek ezinbesteak dakarkiguten prekaritate ekonomikoa eta bizitza prekaritatea. Errenten itun bat negoziatzea da langileen pobretzea negoziatzea. Parean izango gaituzte.
Horren aurka borrokatuko gara, metroz metro, soldaten eros ahalmena manten dadin eta guztiontzako eskubide sozialak eta zerbitzu publikoak areagotu daitezen.
Kapitala beti garaile
Krisi nahiz oparotasun garaietan, korporazio finantzario handiek eta multinazionalek beti ateratzen dute probetxua. Kapital iberikoaren nukleoa osatzen duten enpresa handiak (BBVA, Santander, Iberdrola eta abar) etekin-errekorrak hausten ari dira osasun larrialdia hasi zenetik. Lehengai energetikoen, mineralen eta, are gehiago, elikagaien espekulazioaren ondorioz, errentak aberats handiei bideratzen ari zaizkie, inoiz ikusi gabeko eran.
Gas eta elektrizitatearen merkatuetan, politika neoliberalak (desarautzea, liberalizazioa) energiaren prezioak etengabe igotzen ari dira, eta, soldatak izoztearekin batera, gero eta langile klaseko familia gehiagok ezin dituzte fakturak ordaindu. Aurrezki txikiak zor bihurtzen dira, eta, azkenean, ezin hilabete amaierara heldu.
Merkatua diru publiko askorekin ureztatu nahi izan dute, baina, ez dezagun ahaztu, dirua ez dator hutsetik. Gure zergetako dirua da, eta, gizarte-zerbitzuak garatzeko erabili beharrean, esku pribatuetan uzten ari dira. Ez digute esan etorriko dela buelta eta gizarte zerbitzuetan murrizketak egiten saiatuko direla berriz.
Aberastasuna birbanatzea eta ekoizpen-trantsizio bidezkoa
Esaten digute energiaren, lehengaien eta oinarrizko erosketen prezioen gorakada Europako gerrari dagokiola. Agerikoa da, baina, inflazioa gertatzen ari dela kapitalismoak hazten jarraitzeko behar diren materialak urritzen ari direlako. Petrolioaren, gas naturalaren eta litioaren, nikelaren, aluminioaren, kobrearen eta antzeko mineral funtsezkoen eskuragarritasuna ez da nahikoa eskaria asetzeko. 2021ean, merkatuan petrolioaren % 3ko defizita egon zen; espero da 2022an % 10ekoa izatea.
Hori gutxi balitz bezala, garbi dago jada sistemak ez duela klima-aldaketa geldiarazteko beharrezko neurririk hartu nahi. Kioto, Parisko akordioak, COP25 eta abar ez dira nahikoa konpromiso, ezta hurrik eman ere, zientziak esan baitigu ezinezkoa dela (aldaketa erradikalak egin ezean) planetako batez besteko tenperatura 1,5 °C baino gutxiago igotzea 2030 baino lehen (hori gainditzeak ondorio dramatikoak ekarriko ditu).
Planetan bizitza defendatzeak ekoizpen-trantsizio bat eskatuko digu, planetaren muga biofisikoak errespetatuko dituena. Horregatik, ez digu edozein moduzko trantsizioak balio. Ez, behintzat, berdez pintatutako iberdrolena edo ekoizpen aldaketa finantzatzeko soldata eta eskubide murrizketena. Hegoalde globaleko herrien kontura ere ezin da egin. Ekoizpen-trantsizio bat behar dugu, zeinean pertsonen beharrak eta ongizatea erdigunean egongo diren. Trantsizio horretan guk eduki behar dugu ekonomiaren kontrol demokratikoa. Kapitalaren eta hazkundearen interesei men egiten dieten politikekin jarraituz gero, amildegi ekofaxistarantz goaz.
Pobreziak emakume aurpegia du
Urrun dago jada lan-erreforma sonatua, ia ez baita hartaz hitzik ere egiten. Orain albisteak beste nonbait daude; orain, COVID gripe soil bat da, eta langileen eskubideak itzalean gelditu dira. Tartetxo batez, guztiok amestu genuen beste mundu bat posible zela, sistema inarrosi zuen osasun- eta gizarte-krisitik hobeto ateratzearekin, eta hatz puntekin ia ferekatu genuen bizitzak erdigunean jartzea. Tartetxo batez, eztabaidaezina zirudien batzuk ezinbestekoak zirela. Pozak ez zuen luzaro iraun pobreen etxean, ordea, eta sistema kriminal honek azkar asko berretsi du bere lekua; haren logika heriotzarena da, gerrarena eta interes ekonomikoena, eta guk ordaintzen ditugu ondorioak.
Urteak eman ditugu, hamarkadak, salatzen langile-klasea gero eta prekarioagoa dela lan- eta gizarte-arloan. Lan-prekaritatea islatuta dago lan-harremanen ereduan, zeinak ertz asko dituen, baina, batez ere, emakume aurpegia du, gu baikara, emakumeok, beti ondorio lazgarrienak jasaten ditugunak, eta pobreziaren feminizazioa ezin agerikoa baita. Kristalezko sabaiez ari zaizkigu, hori balitz bezala emakumeok dugun arazo bakarra eta larriena, eta, egiaz, emakume gehienei zigortzen gaituzten zoru itsaskorrak eragiten diete gehien.
Nazio Batuek adierazten dute munduko pobreen % 70 emakumeak eta neskak direla. Munduan herrialde bakarrean ere ez dago berdintasun ekonomikorik, eta pobreziaren arrazoi nagusia emakumea izatea du; ez dago beste faktorerik generoak beste eragiten duenik pobre izateko edo ez izateko. Kapitalismoak ezberdinkeria sozial, kultural eta ekonomikoak sustatzen dituen sistema patriarkalarekin duen aliantzak pobrezia eragiten du, baina, ezbairik gabe, laneko ezberdinkeria da pobreziaren feminizazioa indartzen duen faktoreetako bat, soldatak txikiagoak baitira; lan asko, ordaindu gabeak; eta lan erreproduktiboetarako eta zainketetarako dedikazioa, handiagoa. Egoera hori hertsiki lotua dago politika publikoekin, edo, hobeto esanda, politika publikorik ezarekin. Hori bukatzeko, beharrezkoa da administrazioak neurriak har ditzan: aberastasuna birbanatu, politika guztiek genero ikuspegia izatea, prekarizazioa saihesteko neurriak eta abar.
Espainiar estatuan, lanaldi partzialean lan egiten dutenen % 76,16 emakumezkoak dira. Datu horiek, bere horretan, kezkagarriak dira oso, eta agerian uzten dute prekaritateaz ari garenean emakumeak prekariagoak direla, lautik hiruk gogoz kontra baitu lanaldi mota hori. Emakumeei galdetzen digutenean zergatik ikusten dugun beharra kontratazio mota horretarako, erantzuna garbia da: enplegu bat izateaz gain, gu arduratzen garelako lan erreproduktiboez.
PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak onetsitako lan erreforma zorigaiztokoaz gauza asko esan da, baina gutxi hitz egin da onetsitako neurriek enplegudun emakumeengan izango duen eraginaz. Lau haizeetara iragarri ziren obra eta zerbitzuko kontratuak ezabatzeak ekarriko zituen onurak, baina gutxitan esan da kontratu horiek de facto aldizkako kontratu finkoek ordeztuko dituztela, eta, egiaz, emakumezko langileen lan baldintzak are gehiago prekarizatuko ditu horrek, kontratu finkoak izango dituztelako, bai, baina partzialak. Hain zuzen, partzialtasuna da emakumeok lan merkatuan dugun arazo handienetako bat.
Azpikontratazioak langile klase osoari eragiten badio ere, ukaezina da eragin handiagoa duela emakumezko langileengan, lan merkatura heltzen den emakumeen gehiengoa zerbitzuen sektorera iristen baita, zeinean azpikontratazio asko dagoen. Jarduera bat azpikontratatzeko kasuak argi eta garbi ez mugatzeak emakumezko langileak kaltetu ditu gehien. Posible zen hori saihestea, enpresaren jardueratik kanpoko zerbitzuak ez direnak azpikontratatzea debekatuz.
Halaber, aipatu egin behar da etxeko langileak mespretxatu egin dituztela, beste behin, araubide orokorretik kanpo utzi baitira, Europaren irizpenak eta LANEren gomendioei ezikusiarena eginez.
Leave A Comment