Maiatzaren 27an hasi genuen STEILAS sindikatuaren XII. Kongresua, “Noranzko bakarra, publikoa” lelopean. Duela lau urte osatu genuen ponentzian jasotako lan ildoak garatu ditugu Kongresu honetan. Sindikatu bezala (langileen eskubideen defentsan), eta hezkuntza eragile bezala (hezkuntza munduko gaiak jorratuz). Gaurkoan, hurrengo exekutiba osatuko duten kideak aurkeztu ditugu.
150 kongresu kide elkartu gara oraingo honetan, eta hainbat tokietatik etorritako 25 gonbidatu. Euskal Herritarrez gain, gonbidatuak etorri zaizkigu Kataluniatik, Valentziatik, Aragoitik eta Andaluziatik, beraien lurraldeetako egoera sindikala gurekin partekatzeko.
Lau urteren ostean, ponentzia berritzea dagokigu. Horretarako, ikasturte osoan zehar prozesu parte-hartzaile bat abian jarri eta afiliatuen ekarpenak jaso ditugu. Ondo bidean, gaur bukatuko dugu prozesu hori, azken zuzenketak eztabaidatu ostean.
Aipatutako ponentzian gure hezkuntza eredua zehaztu dugu: publikoa, inklusiboa, feminista, euskalduna, ekosoziala eta kalitatezkoa. Gure lan sindikalaren ildo estrategikoak definitu ditugu sektorez sektore. Eta bukatzeko, negoziazio kolektiborako irizpideak ezarri ditugu.
Kongresu batetik bestera gertakari asko izan dira, pandemia bat tarteko. Lau urteko epean gertatutakoen balantzea egin dugu: egoera soziopolitikoa, pribatizazioa, lan erreforma eta hezkuntza legeari dagozkion kontuak, besteak beste. Baita sindikatuaren ordezkaritza, afiliazioaren garapena eta balantze ekonomikoa ere.
Gaurko prentsa agerraldian azaldutako zortzi kideek osatuko dute hurrengo exekutiba, STEILAS sindikatuak kongresuan horrela erabaki duelako: Jone Gibelalde, Peio Salazar, Nagore Landa, Joakin Akarregi, Nagore Iturrioz, Ariane Alberdi, Diana Bruño eta Raul Lopez.
Erronka handia daukagu aurrean: Nafarroako eta Erkidegoko gobernuak politika pribatizatzaileak ari dira aurrera eramaten eta aurrean izango gaituzte. Hezkuntza sektore desberdinetako langileen lan baldintzak defendatuko ditugu negoziazio kolektiboetan!
Leave A Comment