Atzo, maiatzak 30, EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako Lan Hitzarmenaren hirugarren negoziazio-mahaia egin zen. Bilera horretan, sindikatuok gure aldarrikapen-plataformak aurkeztu genituen, eta, azkenik, sektorerako hitzarmen berri bat negoziatzeari ekin genion. Patronalek, proposamenak entzun ondoren, aztertu egingo dituztela erantzun zuten.
STEILASek argi utzi zuen lehentasuna emango diola kolektibo prekarizatuenen eta feminizatuenen lan-baldintzak hobetzeari, hau da, Haur Hezkuntzako 1. zikloko langileei eta hezkuntza-laguntzako espezialistei. Era berean, negoziazio-prozesuan gure lehentasunezko helburuak honako hauek izango dira: lanbide-heziketa arautzea, asteko eskola-orduen kopurua murriztea eta erosteko ahalmena berreskuratzea.
Hurrengo negoziazio-mahaia ekainaren 21ean izango da. STEILAS bilera hori aurreratzen saiatu zen, negoziazioa gehiegi atzeratu dela uste dugulako, baina patronalen eta gainerako sindikatuen isiltasuna ikusita, azkenean onartu genuen data hori. Landu beharreko gaiak indarrean dagoen hitzarmenetik zintzilik zeudenak izango dira: 2021erako soldata-igoerak, hitzarmenean Lanbide Heziketaren lanaldia arautzea eta birkokapen araudia hitzarmenean txertatzea.
Jakinaren gainean izango zaituztegu.
Leave A Comment