Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk negoaziazio kolektiboa blokeatu dute; proposamenik gabe, ezin da akordiorik lortu.

Atzo, ekainak 21, izan zen Hitzarmen berriaren 4. negoziazio-mahaia. Hiru puntu gai-zerrendan: 2021eko soldatak, Lanbide Heziketako erregularizazioa eta birkokapena. STEILASek zentzuzko proposamenak egin zituen puntu guztietan akordioak, aurrerapenak edota elkarguneak aurkitzeko kontraproposamenak bilatuz. Gainerako sindikatuek proposamenak egin zituzten ere, puntu guztietan bana, gutxienez, baina… ZERO PROPOSAMEN PATRONALEN ALDETIK!

Mezua argia da: negoziazio-mahaira proposamenik ez eramatea negoziatu nahi ez izatea da, “ez negoziazio” fase berri bat eragitea. Zaharrak berri! Kristau Eskolak eta Aice-Izeak berriro errepikatzen dituzte akats berdinak. Negoziatu nahi ez izatea ondorio larriak dituen arduragabekeria da, eta ez da oso atzera begiratu behar horiek gogoratzeko.
STEILASetik 2021erako % 2ko igoera proposatu genuen berriro, Lanbide Heziketaren inguruan asteko ohiko eskola-ordu kopurutik hiru eskola-ordu gehinez igotzea proposatu genuen, beharrezko konpentsazioak ere zehaztuz. Aldi berean, Lantokiko Prestakuntzetan tutoretza eta koordinaziorako proposamenak mahai gainean jarri genituen, eta gure ustez moduluetako tailerretan bikoizketak nola egin behar diren azaldu genuen. Birkokatzeari dagokionez, patronalei eskatu genien Hezkuntza Sailari eska diezaiotela enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak zaharberritzeko Akordioa berriro indarrean jartzeko.

Baina proposamenen aurrean, KE eta AICE-IZEA patronalek, edukizko argudiorik gabe, ez zuten EZER proposatu, eta adierazi zuten ez dela konpromisoak hartzeko unea. Noiz bai?
Urteak igaro dira STEILASek Lanbide Heziketa erregularizatzeko eskaera egin zuenetik, eta 18 hilabete, 2021erako soldata-igoera % 2 igotzeko eskaria mahai gainean jarri genuenetik. Bi puntu horiek esplizituki jasota daude 2017-2021 Hitzarmenean, hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik negoziatzeko konpromisoarekin.

Hala ere, KE eta AICE-IZEA patronalek negoziatzeko, kontraproposamenak egiteko eta negoziazio kolektiboa balioesteko unea noiz den erabakitzen duten bitartean, sektoreko langileok ondorioak jasaten ditugu: soldatek izoztuta jarraitzen dute 2020tik, eta Lanbide Heziketako langileek babesik gabe jarraitzen dute beren lan-baldintzak prekarizatzen dituen Lanbide Heziketa desregularizatu batean.

(EZ) Negoziazio Mahaia inolako akordiorik gabe itxi zen, jakina. Kontraproposamenik gabe ezin da akordiorik lortu, ezin da ezer negoziatu.

Hurrengo Mahaiak irailaren 13an eta 20an izango dira. Ba al dute patronalek proposamenik ekarriko oraingo honetan? Horrelakorik ezean, STEILASen argi daukagu, Mahai barrutik negoziazioa bultzatzeaz harago, gure esku dauden mekanismo guztiak abian jarriko ditugula, sektoreko langile guztien lan-baldintzak hobetzeko patronalak negoziatzera behartuz.

ASKI DA!