Azken urteetan legegintzan aurrerapausoak eman direla dudarik ez dagoen arren, azkenaldian LGTBIQ+ komunitatearen barruan kezka areagotu egin da. Europa mailan ultraeskuinak goranzko joera hartu duela errealitate bat da, eta horrekin batera LGTBIQ+fobiak baita ere.

Ez dugu ahaztu behar, pasa den udan izandako erasoen ondoren, ikasturte hasieran, eskola publiko batzuek jasan zuten LGTBIQ+ fobia. Hau honela, erasoak jasandako eskolek ez ezik, beste eskola komunitateek ere irakasle eta familien babesarekin indarrez aurre egin zioten. Argi dago, azken hamarkadetan LGTBIQ+ taldeek egindako lana izugarria izan dela, baita hezkuntzak eragin zuzena izan duela ere.

Momentu konkretu honetan ezin dugu atzerapausorik onartu, eta askotan aniztasunaren lanketa eskolen esku uzten da, eta ikastetxeetan irakasle askoren lanari esker gai honek hausnarketarako tartea izaten du. Legeak zeharka lantzeko gaia dela esaten du, baina benetan lanketa on bat egin nahi baldin bada, baliabideak, formakuntza eta batez ere lanketa egin ahal izateko denbora behar da eskoletan.

Ikasleentzako erreferenteak garenez, irakasleak armairutik ateratzeak ikusgarritasuna dakar, baina horretarako irakasleok lan esparruan seguru sentitu eta ikastetxeen babesa bermatua izan behar dugu.

Nola egingo dugu LGTBIQ+fobiaren lanketa egoki bat, gure lan esparruan irakasleak aske sentitzen ez baldin bagara? Irakasleok ba al dugu edozein eskoletan lan egiteko aukerarik?

EAE-n hezkuntza lege berri baten atarian gaude, eta hezkuntza lege berri honen arabera, ikastetxe pribatuak diru publikoarekin hornituak egongo dira; Opuseko NCLICK, kutsu erlijiosoa dutenak… Gauzak horrela, ezingo genuke inolaz ere imajinatu, Stonwallen borrokatu zuten haiek, poliziari aurre egin zietenak, eta iraultza piztu zutenek, ikastetxe hauetara haien Currikuluma bidaliko luketeenik.

1969. urtean Stonewallen borrokatu zutenen ondorengoak gara. Hau da, gaur egungo trans, arrazializatuak, maritxuak, bollerak, bisexualak, marimutilak… Diru publikoarekin hornitutako ikastetxe guztietan egon ahal izan arte, ez da aukera berdintasunik egongo, ez irakasleontzat ezta ikasleentzat ere, eta hau ere LGTBIQ+fobia da.

Nafarroan, ia bi urte badira genero-identitateagatiko diskriminaziorik eza eta transexualen eskubideak aitortzen dituen legea martxan jarri zela, baina paperean polit geratzen dena ez da aurrera eraman. Ez profesionalen formakuntza, ezta diskriminazio positiboa lantokian ere… eta larriena da, Departamentuak sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeak diruz laguntzen jarraituko duela.

Beraz, hurrengo ekainaren 28an, ez dugu ikusi nahi politikarien argazki iruzurtirik. Zuzen-zuzenean erasotzen gaituen hezkuntza lege berriaren berridazketa bat nahi dugu, Euskal Eskola Publikoa indartuz, hau baita familia, ikasle eta irakasleon aukera berdintasuna bermatzen duen bakarra.