Uztaila ailegatu da eta Haurreskolak Partzuergoan, berriro ere, egoerak eztanda egin du. Nahiz eta behin eta berriro STEILAS sindikatuak aurreikuspenez jokatzeko eskatu dion enpresari, kudeaketa lanak azken momentu arte utzi dituzte.

Ekainaren azken eguna arte Haurreskoletako langileek uztailean haien egoera zein izango zen ez zekiten, naiz eta badakigun ekaina hasierak hezitzaile eta koordinatzaile askok haien egoeraren inguruan galdetu zuten. Gainera, desplazamenduak eta kontratu amaierak atzerapen handiarekin komunikatuak izan dira eta, kasu batzuetan, ez dute abisurik jaso.

Ondorioz, Haurreskola bakoitzaren antolamendua kolokan egon da, langileen ordutegiak eta familiei arreta nork emango zien jakin gabe azken momentua arte beste urte betez. Horrelako ezjakintasunarekin zein zerbitzu mota ematen ari gara? Langileek eta familiek ez dute horrelakorik merezi.

Honetaz gain, hainbat kasutan ordezkoen eskubideak urratuak izan dira, lehentasun irizpidea ukatuz edo gaizki kudeatuz. Onartezina da, Haurreskolak Partzuergoko langile guztien eskubideak bermatuak egon behar dira, eta enpresaren kudeaketa kaxkarra ezin da aitzakiatzat erabili.

Bukatzeko, esan nahi dugu, urtero kaos berberaren aurrean egonik, kudeatzeko modua moldatu beharko litzatekeela. Izan ere, onartezina da egoera hau bai familia eta baita langileentzat ere. Urte guztian emandako zerbitzua horrelako kaos irudiarekin amaitzeak ez dio batere onik egiten Haurreskolak Partzuergoari.

Euskal Herrian, 2022ko uztailaren 1ean