Hainbat sindikatu eta eragile sozialetako ordezkari batu gara uztailaren 5ean Bilbon, DSBE-ren proiektua bertan behera uzteko eta 2008ko legea aplikatu dadin eskatzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak salatu nahi du Eusko Jaurlaritzaren propaganda. Garaipen sozial bezala saltzen dute 2012tik DSBEan mantentzen diren murrizketak, ez baitira 2008ko legea errespetatzen ari.

Pentsioduna ez den pertsona batek 2022an 727,41 euro kobratzen ditu. Aldiz, 2008ko legearekin 1.026 euro kobratuko lituzke. Lege proiektuak 2023rako DSBEa 737,44 eurotan ezartzen du, 2022an baino zerbait gehiago, baina ez du betetzen DSBEk aurten izango duen erosahalmenaren galera. Gainera, salatu dugu bi urteetan etxebizitzaren prestazio osagarria desagertzearen planteamendua. Kriminalizazio neurriak ere bertan behera gelditzeko eskatu dugu, horrek bakarrik eskuin muturraren diskurtsoa eta xenofobia elikatzen baititu.

Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestak honela dio: pobrezia arriskuan dauden 100 pertsonatik prestazio sistemak 30 pertsona pobreziatik kanpo uzten ditu, 37 pertsona babestu bai, baina ez die uzten pobreziatik ateratzen, eta geratzen den %33 soilik ateratzen da pobrezia egoeratik. Beraz, sistema ez da nahikoa, eta nabarmen hobetu beharra dago.

Ondorioztatu dugu, egungo pobrezia egoera kronifikatu eta jasangarri egiten duen eredua baino, benetako eztabaida beharrezkoa dela modu duinean bizitzeko babes sistema eraikitzeko. Diru sarrerak bermatzeko sistemaren eztabaida marko orokor horren baitan kokatu behar da.

Hori guztia dela eta, hurrengo aldarrikapenak plazaratu ditugu:

  • Proiektua bertan behera uztea.
  • 2008ko legearekiko aplikatzen ari diren murrizketak bertan behera uztea.
  • Karta Sozialaren Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren neurriak onartzea, eta talde parlamentarioek neurri horiek defendatzea.
  • Bbes sistemaren inguruko benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea irekitzea.