Gaur, 2022ko uztailak 12, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz migratzaileen babes bila datozenen eskubideak defendatzen ditugun gizarte-mugimenduetatik prentsaurreko hau deitu dugu, maiatzaren 25ean aurkeztu genuen Korridore Humanitarioak ekimenaren hurrengo urratsak azaltzeko.
Gogora dezagun ekimen hau korridore humanitarioen irekiera bultzatzeko eta Greziako uharteetako errefuxiatu-guneetatik gaixotasun larriak dituzten haurrak bermeekin ekarri ahal izateko abiarazi zela.
Bi hilabete hauetan, ekimenak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko beste lurralde batzuetako (Katalunia, Valentzia, Gaztela-Leon edo Madril) 45 elkarte sozial baino gehiagoren atxikimendua lortu du, Euskadiko sindikatu gehienen atxikimenduez gain. Horietako batzuk gaur hemen daude: eskerrik asko. Beste batzuk batuz joango dira, atxikipen-prozesua ez baita amaitu. Gainerako erakunde, plataforma eta elkarteak atxikitzera animatzen ditugu.
Bi hilabete hauetan, babes kolektiboa bilatzen zen bitartean, bilerak egin dira Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin (Elkarrekin-Podemos, EH Bildu, PSE-EE eta gaur bertan EAJ-PNV). Bilera horiek irailean jarraituko ditugu, Nafarroako parlamentariekin mahai-inguru batean.
Gure hurrengo urratsa Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioetako ordezkariengana jotzea izango da, idatzi baten bidez, gure ekimena helarazteko.
Lehenik eta behin, Greziako errefuxiatuen kanpalekuetan harrapatuta dauden milaka pertsonak pairatzen ari diren egoerari begiratzea eskatuko diegu. Bertan daudenen profilari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu gehiengo handi batek nazioarteko babesa jasoko lukeela. Arreta berezia merezi dute errefuxiatu-eremu horietan gaixotasun larriak dituzten haurrek, Medicos sin Fronteras taldearen datuen arabera.
Ondoren, Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren irizpideei jarraituz, eta Espainiako Estatuaren egungo arau-esparruak eta, hedaduraz, Europar Batasunak eskaintzen dituzten aukerak ikusita, Greziako irletan dauden errefuxiatuentzako korridore humanitarioa bultzatzeko ekimen hau bere egin eta Legebiltzarrean defenda dezatela eskatuko diegu.
Posible al da eskaera hau? Hala da. Izan ere, gure abiapuntua da Europar Batasuna, Ukrainaren inbasioaren ondoren ikusi dugun bezala, gai dela araudi-baliabideak eta migrazio-politikak aktibatzeko, erantzun koherente eta humanitarioa emateko, Frontex edo Dublingo Akordioa bezalako tresnetara jo beharrik izan gabe.
Iraganean aktibatu diren eta gure Ekimena asmo-adierazpen batean gera ez dadin aztertzea proposatzen dugun tresnetako batzuk honako hauek dira, besteak beste:
1. Espainiako Estaturako eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako autonomia-erkidegoetarako korridore humanitarioak irekitzea onartzea. Bisatu humanitarioak ematea, gire lurrandera iristeko legezko modu seguru gisa. Aukera hori Eusko Jaurlaritzak aztertu du, eta berriz hartzeko eskatu diogu, Italiako eta Frantziako korridoreen esperientzien ereduari jarraituz.
2. Korridore humanitario horiek onartu arte, ekimen honen onuradunei Schengen eremuko estatuetatik estatu hartzailera iristeko aukera emango dieten igarobideak igortzea, Ukrainatik ihes egitera behartutako pertsonak Schengen eremuan mugarik gabe sartu ahal izan diren bezala. Lekualdatzeko askatasun-baimen hori 2022ko martxoan aktibatutako 2001/55/CE Zuzentarauan jasotako baimenaren antzekoa izango litzateke (zehazki, 2022ko martxoaren 4ko Kontseiluaren -UE-2022/382 betearazpenean), Ukrainako herritarrei zirkulazioa ahalbidetzeko.
3. Aldi baterako babes-araubidea eta bizileku-baimena onartzea harreran hartutako pertsonentzat, Espainiako Estatuak 2001/55/CE Zuzentaraua eta hura 2022an aktibatzea jasotzen dituen 2/2022 Jarraibidean jasotakoaren antzekoa. Jarraibide hori hirugarren herrialdeetatik datozen pertsonei erregulartasunez bizitzeko eskubidea gauzatzeko gaitasunaren adibide garbia da. Gure kolektiboetatik egiten dugun irakurketa da eskubide hori bermatzea borondate politikoaren araberakoa dela.
Europako Batzordeak, bere komunikazio eta txostenetan, bereziki azpimarratzen du beharrezkoa dela bide legal eta seguruak irekitzea nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak Europar Batasuneko estatu kideetan sartzeko eta bertan bizitzeko. Izan ere, Batzordeak estatu kideak animatzen ditu beren tresna eta eskumen guztiak erabat erabil ditzaten.
Eskaera horrekin bat etorriz, Diputatuen Kongresuan dauden talde parlamentarioen ordezkariei eskatzen diegu ekimen hau defenda dezatela, Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itun Berriaren (Europako Batzordeak 2020ko irailean abiarazia eta duela gutxi berrabiarazia) eta Migrazio Segururako, Ordenaturako eta Erregularrerako Munduko Itunaren babespean. Itun honek migraziorako bide seguruak erraztera behartzen ditu estatu sinatzaileak. Gogora dezagun NBEk sustatutako Munduko Itun hau Marrakexen sinatu zutela 2018ko abenduan 164 herrialdek, tartean Espainiako Estatuak.
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek eta erakunde, elkarte eta pertsonek sustatutako ekimen honen oinarrian daude: Itun hauek sinatzean beren gain hartutako betebeharrak, eta gizarte zibil gisa dugun betebehar etikoa.
Espero dugu egingo ditugun urratsek gure aldarrikapenei emaitza onak ematea. Irailean ekimenarekin jarraituko dugu.
ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK
Leave A Comment