Hezkuntza Laikoa, Laikotasuna eta Euskadi Laikoa – Europa Laica elkarteetatik ikusten dugu laikotasunerako inolako pausorik ematen ez duen hezkuntza-itun batekin hasten dela ikasturtea.

Gizarte bat guztiz demokratikoa izan dadin Estatuaren laikotasuna bermatu behar da, eta hezkuntza-itun berri horrek ez du alderdi horretan aurrerapausorik ematen, egungo egoera sendotu eta legitimatu egiten du.
Ez litzateke irakasgai konfesionalik egon behar. Erlijioei buruzko ezagutzak Historia edo Filosofia bezalako ikasgaietan eskuratzen dira, baina eskolak ez du proselitismorako eta doktrinamendurako lekua izan behar. Sinesmenak eta ezagutzak bereizi behar ditugu, eta eskolan bigarrenak eskuratu behar dira, ez lehenak.

Konkordatua, Espainiako Estatuak Egoitza Santuarekin 1979an egindako akordioak, 1953ko Konkordatu frankistaren berritze lotsagarri bat baino ez zen izan. Autonomia-erkidegoak ez du ahalmenik konkordatu horren gainean, ezta beste hiru aitorpenekin (islamiarra, judua eta ebanjelikoa) gerora egindako lankidetza-akordioen gainean ere; beraz, neurri gutxi har ditzake erlijioaren irakasgaiaren aurka. Hala ere, “gutxi” ez da ezer ez, eta horixe egin du hezkuntza-itunak horri dagokionez: ezertxo ere ez.

Inoiz existitu behar ez zen “ikasgai” honi dagokionez, ikasleak erlijio-sinesmenagatik bereizten dituena, ez dago zentzuzko aldaketarik, erlijio-ikasgaia ikastea aukeratzen ez dutenen ordutegiak eta aukerak baldintzatuz. Aurrerapen posiblerik ez dugu ikusten; nahiz eta aurrerapen txikiak egingarriak izan gaur egun, Errioxan edo Balear Uharteetan egin duten bezala, non eskola-ordutegiaren ostean jarri den.

Erlijioko irakasleek ikastetxe publikoetan duten egoerari dagokionez, gaur egun, EAEn, nahiz eta jardunaldi osoko kontratua eduki, batez beste, legozkiekeen eskola-orduen erdia baino ez dute ematen. Logikoena litzateke erlijio-irakasleen kopurua irakasgai horretako eskola-orduekin bat etortzea. Hezkuntzara bideratutako baliabideak mugatuak dira, mugatuegiak… jainkoaren esku-hartzerik ez badago behintzat; agian, horrek azalduko du irakasle guztientzat diren arauak erlijioko irakasleentzat ez izatea.

Erlijioko irakasle horiek, zergadun guztiok –fededun izan ala ez– gure zergen bidez ordaintzen ditugunak, gotzain/imamek izendatzen dituzte zuzenean… “egokitasun-ziurtagiri” baten bidez. Urteetan zehar, erlijioko irakasle izendatu ondoren, askok beste espezialitate bateko ordezkapenen zerrendetara salto egin zuten (historia, matematika…), nahiz eta zerrenda horiek hilkorrentzat itxita egon. Erlijio-irakaslearen antzinatasuna kontuan hartzen da ordezkapen-zerrendetan zein oposizioetan puntuatzeko, horrela beste irakasleen aurretik pasatzen lagunduz.

EAE da unibertsitateaz kanpoko etapetako ikasleen ehuneko handiena duen erkidegoa ikastetxe pribatuetan; bai, gogora dezagun itunpeko ikastetxeak pribatuak direla, ez baita publikoa haien titulartasuna, eta ez da publikoa irakasleen kontratazioa, ezta kudeaketa ere, nahiz eta diru publikoz finantzatuta egon. Ikasleen ia erdia baino ez dago ikastetxe publikoetan, Europan
Belgikak bakarrik du ehuneko txikiagoa ( % 44), eta Malta eta Erresuma Batua bakarrik hurbiltzen zaizkio ( % 55 eta % 60, hurrenez hurren). Izan ere, kontinentean herrialde gehienek ikasleen % 90 eta % 99 artean dituzte ikastetxe publikoetan. Gure egoera guztiz anomaloa da, eta egungo hezkuntza-itunak ez du urratsik egiten egoera hori hobetzeko, hezkuntza-sistemaren erdiaren pribatizazioa sendotzen eta normalizatzen du; ez du inolako pauso seriorik ematen publifikaziorako bidean. Itunak pixkanaka desagertu beharko lirateke.

Ikastetxe pribatuetan ikasten duten hiru ikasletik bik, gutxi gorabehera, ikastetxe erlijiosoetan ikasten dute, batez ere Kristau Eskola sarean; baina badira sare horretakoak ez direnak ere, hala nola Opus Deikoak, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituztenak. Zer bereizketa mota dago Elizaren eta Estatuaren artean? Ez dirudi EAEn modernitatean sartu garenik
ikasle guztien herenak Elizak zuzendutako -baina diru publikoarekin ordaindutako- zentroetan ikasten badu. Ildo horretan ere itunak ez du pausorik ematen.

Eliza-Estatua banaketarik gabe ez dago laikotasunik, baina laikotasunerako funtsezkoa da kontzientzia-askatasunaz ere hitz egitea. Eskola bat laikoa izan dadin, publikoa izan behar du, horrek ziurta baitezake adingabearen kontzientzia-askatasuna, doktrinamenduaren abusuaren aurkakoa izan daitekeena eta izaera unibertsala duena. Gogoratu behar dugu, gainera, eskola
publikoa dela irakasleak beren sinesmenengatik aukeratu edo kaleratu ezin diren eskola bakarra, ikastetxearen ideien arabera ez jarduteagatik, adibidez; izan ere, administrazio publikoak antolatutako oposizioek berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren, gardentasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak bete behar dituzte.

Egungo sistema dualak, hezkuntza-itunak zalantzan jartzen ez dituenak, tristuraz behartzen gaitu gogoraraztera gizarte garatu eta demokratiko batek, halakoa izateko, eskola unibertsal bat behar duela. Eta eskola bat unibertsala izateko ezinbesteko baldintza da guztiona izatea, segregatzen ez duena. EAEn, profil sozioekonomiko baxuko ikasleen kontzentrazio-maila oso
altuak dituzten ikastetxeen ia % 90 titulartasun publikokoak dira, eta horrek argi eta garbi adierazten du gure hezkuntza-sistema dualaren eginkizun segregatzailea. Eskola publikoaren alde borrokatzea justizia sozialaren, aukera-berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren alde borrokatzea da; eta hezkuntza-itun horrek ez du eskola publikoaren alde borrokatzen, baizik eta statu quo-ari
eusten dio.

Azken batean, hezkuntza-itun berriak ez du aurrera egiten Eliza-Estatua banaketan, ez kontzientzia-askatasunaren garapenean, ez eta hezkuntza-sistema unibertsal eta berdintasunezkoan ere. Ez du beharrezko laikotasunerantz pausorik ematen.
Itun hori ez aplikatzeko, beharrezkoa da Eskola Publikoaren eta demokraziaren oinarri den laikotasunaren aldeko erakunde guztiek bat egitea, gizarteari helburu horrekin mobilizatzeko deia eginez. Espero dezagun garai hobeak etorriko direla, hezkuntza gizartearen funtsezko zutabeetako bat baita.