Nafarroako Gobernuak egindako araudiaren aurkako errekurtsoa jarri dugula adierazi dugu gaur eskaini dugun prentsaurrekoan. Irakasleon egonkortasunaren aldeko borrokak guztioi eragiten digu.

Europako 1999/70 Zuzentaraua duela 23 urte baino gehiago onetsi zen, eta 2021era arte ez zen “sartu” Estatuko legerian. Bada, zuzentarau horrek argi eta garbi xedatzen du ezin dela hiru urtez baino gehiagoz aldi baterako kontratatu administrazio publikoetan. Espainiako Kongresuak behin-behinekotasuna murrizteko lege bat onetsi zuen, lanpostu kopuru jakin bat egonkortzen zuena, abusatutako pertsonak egonkortu beharrean. Ondoren, irakasle kidegoetan sartzeko Errege Dekretua aldatu zen, zeinak merezimendu eta oposizio-lehiaketa ahalbidetzen baititu, baztertzaileak ez diren probekin. Baina Nafarroako Gobernuak eginiko araudi negargarri honek, eta haren interpretazio murriztaileak, ez dute ez langileen gehiengoa egonkortzen, ez interinitate gaitza murrizten.

Hau guztia gutxi balitz, Departamentuak berreskuratu du irakasle kidegoan sartzeko estatu-araudia aldatzeko proiektua. Araudi horrek ahalbidetzen zien autonomia erkidegoei eskatzea atzerriko hizkuntza baten titulazioa oposizioetarako. Beraz, mahukatik atera dute 11/2022 Foru Legea eta horren bidez, ingeleseko C1 maila (momentuz) nahitaez eskatuko da probetara aurkezteko Gobernuak ezartzen dituen irakasle lanpostuen oposizioetan. Hamarkadatako esperientzia daukaten ehunka irakasleri eginen zaie Ezkutuko Enplegu Erregulazioa, eta ukatuko zaie haien balio profesionalarekiko zein pertsonalarekiko aitortza. Batezbeste 50 urtekoak eta gehienak emakumezkoak izaki, kaleratu ditzakete kalte-ordain urri bat emanik eta bazterketa sozialaren arrisku larrira bazterturik.

Gainera, Nafarroan hezkuntza publikoak daukan % 54ko interinitatea murriztu ez, eta, Gimenoren Departamentuak lanpostu interinoen % 4,2 baizik ez du finko bihurtzen; langile horiek are menpekoago bilakatzen ditu komunitate honetan, eta PAIren morroi, jakinik PAIren antolakuntzaren kaosa eta gabezia metodologikoak. Kontuak horrela, espezialitate bakoitzeko zerrendak biderkatuko dira, eta gehiago zailduko da langileen kudeaketa, zerrenda kopurua 2tik 6ra bitarte pasako baita: gaztelania, ingelesa-gaztelania, euskara, ingelesa-euskara, alemana-gaztelania eta frantsesa-gaztelania. Zerrenda berriek izanen dute kontrataziorako lehentasuna.

Nafarroan, irakasleen ezegonkortasunak gora egin du oposizioei lotutako kontratazio zerrenden kudeaketagatik. Oro har, oso lanpostu gutxi deitzen dira, eta langile gehienek parte hartu behar izaten dute, ez funtzionario bihurtzeko, baizik eta zerrendetan kokatzeko, lanean jarraitze aldera.

Egoera horren aurrean, hezkuntzako mahai sektorialean batere negoziaziorik egon ez denez, eta egintza burutuen politika ezarri denez, STEILASek auzitegira jo behar izan du prozesua bideratzeko. Bestalde, mobilizatzen jarraituko dugu bitarteko langile guztien enpleguaren egonkortasunaren alde. Gai hori hezkuntza komunitate osoari dagokio; izan ere, irakasleen ezegonkortasunak eragin larria du hezkuntza kalitatean, irakasleen kaleratzea errazten du murrizketen garaian, eta gainerako irakasleak lanez zamatzen ditu.

Ikusi Nafarroako irakasleon egonkortzearen inguruan osatu dugun txostena: Irakasleon (ez)egonkortzea Nafarroan: gutxi, gaizki eta berandu