UPV/EHUko erretiroei buruzko lehen akordioa 2010eko uztailaren 15ean, sinatu zen. Gobernu Kontseiluak berretsitako testuan, bereziki  nabarmendu zen administrazio eta zerbitzuetako langileen (AZP) eta irakasle eta ikertzaileen (IRI) plantillak gaztetzeko beharra.

Aurtengo ekainaren 3an, hamar urte baino gehiago igaro ondoren, UPV/EHUk indarrean dauden akordioak salatu, eta abenduaren 31n, bertan behera utziko ditu, motu propio, sinatutako hitzarmenean ezarritakoa bete gabe eta langileen ordezkariak aintzat hartu gabe.

Auzitegi Gorenaren epai batzuetan babestu da horretarako, epai haien arabera, erretiro-primek, legezkoak izateko, lege-mailako arau baten babesa behar baitute.

Aurreko hitzarmena ordeztuko duen akordio berri bat lortze aldera, Administrazioak bi zirriborro aurkeztu dizkigu aurreko astetan egindako bi  bileretan. Haietan, ez zen ia ezer geratzen indarrean dauden akordioetatik, ordu-murrizketak izan ezik; eta horiek ere laburtuta irakasle eta ikertzaileentzat eta, nolanahi ere, mugatuta adin arruntean hartutako erretirora.

Administrazioak erakutsi du ez duela inolako asmorik alternatibak bilatzeko, ezta UPV/EHUko plantillen erretiroa eta gaztetzeko prozesua erraztu eta sustatzeko ere. Auzitegi Gorenaren epaietan babesten da, baina badakigu arrazoia ekonomikoa dela: primen dirua aurreztea. Garai batean beharrezkoak eta bidezkoak izan zirenak, jada ez omen dira ez zilegiak, ezta beharrezkoak ere. Baina aski da langileen batez besteko adinari erreparatzea egiaztatzeko 2010. urtean antzemandako premia hura oraindik konpondu gabe dagoela; eta, era berean, erraza da ulertzea ere plantilla
berritu ahal izateko ezinbestekoak direla erretiroko pizgarriak.

STEILASen ustez, UPV/EHUn gertatzen dena Euskadiko Adiministrazioaren enplegu publikoaren murrizketa- eta austeritate-politiken jarraipena baino ez da. Haren ondorioak gaiztotuta, gure kasuan, UPV/EHUren finantza gabezia estrukturalagatik eta Unibertsitateko langileen zati handi
baten soldata txikiengatik ere, haiek direlarik, azkenean, inflazioaren ondorioz, erosteko ahalmenaren etengabeko galera gehien jasaten ari direnak.

Hurrengo bilera baterako dei egin digute, ostiral honetarako, baina, egia esan, ez dugu ezer onik espero. STEILASek ezin ditu murrizketa hauek onartu. Lanean jarraituko dugu enplegu publikoa babestu eta sustatzeko politikak aldarrikatzen, UPV/EHUko langileon lan eta bizi baldintzak hobetu
eta plantillak indartu eta gaztetzea helburu.