Gauza on asko jasoko ditu EH Bilduk Madrilgo Gobernuarekin lortutako akordioak (aurrekontuak babestearen truke), baina unibertsitateen inguruan adostutakoa ez da horietako bat.

Zehazki, 4 milioi euro eta erdi adostu ditu Euskal Herriko zenbait unibertsitaterako. Haietatik ia erdia (2 milioi euro) unibertsitate PRIBATU BATentzat, Mondragon Unibertsitatearentzat, hain zuzen ere. Beste erdia BI unibertsitate PUBLIKOrentzat: EHU eta NUP.

Egia da kopuru horiek ez dituztela ez batzuen ez besteen beharrak eta nahiak aseko, bere txikitasunean. Baina kezkagarria da EH Bildu bezalako indar progresista eta ezkerrekoak gizarteari bidaltzen dion mezua. Beste behin ere, pribatua publikoaren gainetik lehenetsiz.

Eskola hitzarmenean publiko-pribatu dikotomia gainditu beharra unibertsitatera ere helduko ote zaigu laster? EAJk eta PSEk asmatua dute jada Euskal Unibertsitate Sistemarena? Zer asmatuko digu orain EH Bilduk? Akaso irabazi asmorik gabeko Unibertsitateak? Edo agian, Unibertsitate komunitarioak?

Bien bitartean, hona hemen datu batzuk. Atera kontuak, nora bideratu behar den laguntza publikoa:

  • EHU: 44.791 ikasle, 5,723 irakasle-ikertzaile, 437 milioi euroko aurrekontua; graduko ikasketen matrikularen prezioa: 800 eta 1.100€ bitartekoa.

  • NUP: 9.187 ikasle, 2.161 irakasle-ikertzaile, 103 milioi euroko aurrekontua; graduko ikasketen matrikularen prezioa: 900 eta 1.200€ bitartekoa.

  • MU: 6.326 ikasle, 507 irakasle-ikertzaile, 87 milioi euroko aurrekontuak; ikasketen matrikularen prezioa: 6.000€-tik gorakoa.