Hezkuntza Sailak daraman hezkuntza politikak eta hezkuntza zerbitzuaren kudeaketa motak eragin zuzena daukate ikastetxe publiko guztietako eta Haurreskolak Patzuergoko egunerokoan, baita langileen lan-baldintzetan eta Hezkuntza Publikoaren etorkizunean ere.

Hezkuntza lege berriaren aitzakiaren menpe, itunpeko ikastetxeen irautea bilatzen ari dira, eskola segregazioaren muinera jo gabe. Izan ere, ez dute eragile zuzena den hezkuntza sistema dualarekin amaitu nahi, eta ez dute eskola publikoaren eta Haurreskolak Partzuergoaren aldeko benetako apusturik egin nahi, jaiotza-tasaren beherakada nabarmena ematen ari den garai honetan. Hau da, ez dute sistema publifikatu eta hezkuntza-sisteman bizi dugun pribatizazioarekin amaitu nahi.

Hezkuntza zerbitzu publikoa kudeatzeko eredua ere guztiz enpresariala izaten ari da. Kalitatezko zerbitzu publikoa ematea baino, baliabideak optimizatzea du helburu Hezkuntza sailak, eta Hezkuntza zentro guztien egunerokoan eta bertako langileen lan-eskubide eta baldintzetan eragiten du; horretarako adibideak ugari ditugu. Batetik, Haurreskolak Partzuegoko eredu gerentziala bera, Berritzeguneen berrantolaketa, Hezkuntza Ordezkaritzen baliabide falta eta, ondorioz, aurrez aurreko eta atentzio telefoniko eskasa. Bestetik, Lan Hitzarmenen gainetik, bat-batean jarraibide, agindu edo dekretu bidez langileen eskubideak murrizteko erabakiak hartzen dira, hala nola, nominetako udako kobrantza, “Norberaren eginkizunetarako baimenen” eta hainbat gaixotasun bajak ez ordezkatzea, lizentziak eta baimenak noiz eteteko epeak jartzea…

Langileen lan-baldintzak eta formazioa hobetu beharrean, ikastetxeetako eta Haurreskolak Partzuergoko langileen lan karga gero eta handiagoa da, gehienetan denbora ikasleei eta euren familiei begirako atentzioa eta heziketan eman baino, alferrikako lanetan galduta.

Larria da hezkuntza publikoko langileok dugun egoera, ez dago benetako negoziaziorik eta lan hitzarmen guztiak iraungita ditugu. Hezkuntza Sailak ez du erakutsi langileen lan-baldintzak hobetzeko inolako borondaterik, kontrakoa baizik, administrazioak unean egokien datorkiona aplikatzen du alde bakarrez, hezkuntza sistema publikoa “enpresa” huts bat balitz bezala.

Horregatik guztiagatik, benetako hezkuntza sistema publikoaren eta bertako langileon lan-baldintzen alde borrokatzeko unea delako, elkarretaratzea egin dugu gaurkoan. Horrez gain, otsailaren 13an ikastetxe eta haurreskoletan elkarretaratzeak egitera deitu ditugu irakaskuntzako langileak, “Zuen erabakiek itotzen gaituzte” lelopean. 

Gure desadostasuna entzun dezatela!