Eusko Legebiltzarrean onartu nahi duten Hezkuntza Lege proiektua hezkuntza-komunitatea kontuan hartu gabe egin dela salatu nahi dugu berriz ere. Izan ere, agerikoa da legea adostasun sozialik gabe sortu dela, hezkuntza-komunitatearen zati handi bat aurka agertuz eta azken legeaz geroztik izan ditugun aldarrikapen historikoak jaso gabe. Legebiltzarrean akordio politiko bezala saldu nahi dutena, beraz, akordio sozialik ez duela adierazi nahi dugu.

Hezkuntza lege honek ez du Euskal Eskola Publikoa ardatz. Are gehiago, jaiotza-tasaren jaitsieraren aurrean itunpeko hezkuntza-sarea blindatzea da gobernuak duen helburua. Hala, Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoa sare publikoa eta itundua parekatzen dituen erakunde gisa izendatzen hasi da.

Horrez gain, ez du pauso zehatzik eman segregazioaren aurka borrokatzeko, eta ikastetxeen arteko lehia sustatzen du. Euskarari dagokionez, ez du murgiltze-eredurik planteatzen, ez baitu ikastetxe guztietan euskara komunikazio-hizkuntza izateko derrigortasunik agertzen.

Horregatik guztiagatik, STEILAS sindikatutik dei egiten dugu Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak EAEko hiru lurraldeetan egingo dituen manifestazioetan parte hartzeko, gu ere plataformako kide garen heinean.

Datorren ekainaren 9an egingo dira, ostirala, “Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez!” lelopean. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira, Araban Plaza Berritik (Gasteiz), Bizkaian Plaza Eliptikotik (Bilbo) eta Gipuzkoan Boulevardetik (Donostia).